Zenbat haurrek jasan dute koronabirusa Iparraldean? Informazio hori ere ez du eskaintzen Frantziako estatuko osasun sailak. Krisia hasi zenetik 45 lagun hil dira Lapurdi, Nafarroa Behera, Zuberoa eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan: 25 erietxeetan eta beste hogei zahar etxeetan. Lurralde horretan 330 lagun kutsatu dira baina gaitzak adingabeengan izan duen eragina ez du inork neurtu. Bi hilabetez etxean egon ondoren, gaurtik milaka haur ikastegietara itzuliko dira. Etxetik atera baino lehen sukarra dutenez zaindu beharko zaie eta gero ikastetxeetan higiene neurri zorrotzak aplikatuko zaizkie: metro bateko tartea eta gune desberdinak.

Hendaian dabiltzan 1 600 ikasleetatik 340 prest agertu dira eskolara itzultzeko eta datorren ostegunetik, 150 ikasle hartuko dituzte txandaka ama eskoletan hamar haurren taldeak eta lehen hezkuntzan hamabostekoak hartuko dituzte eta. Gipuzkoan bizi baina hego Lapurdin ikasten dutenek muga igaro ahal izanen dutela baieztatu du Eric Spitz Frantziako gobernuaren ordezkariak "Haurrek ezin izanen dute materialik partekatu edo jostailu eta libururik hunkitu. Denak gorde ditugu eta mihisi batekin estali. Helduek gela erabiliko dugu eskuak garbitzeko eta haurrek xaboia, egunero gutxienez hamar bat aldiz. Beste molde batean bizitzen ikasi beharko dugu, haurrekin erdian" dio Maddi Zubeldia Azkaineko ikastolako irakasleak. Bermeak betetzeaz gain, haurrek haurrak izaten segituko dutela da bere erronka. "Aukera hori eman behar zaie bestela asko murrizten da harremana eta xarma guzia galtzen da. Ikastolan egoteaz gain, internet bidez lanean segitu beharko dugu etxean geldituko diren ikasleekin".

Azkaineko ikastolako 87 ikasleetatik gaur 32 eskolara itzuliko direla argitu du Mikel Onko burasoen elkarteko kideak. "Arrazoin nagusia da buraso batzuek lantokira berriz joan behar dutela. Gure jantokia zahar etxean dagoenez idekidura berria egin behar izan dugu ate nagusitik pasa ez gaitezen". "Azken arauak atzo finkatu genituenez, gaur lanean hasteko moduan izanen gara. Goizetan klaseak eta arratsaldetan sendagileen seme alaben zainketa segurtatuko dugu" dio Joanes Gartzia Kanboko Errobi ikastolako irakasleak. "102 haurretatik gaurtik 37 etorriko zaizkigu eta ekainean behar bada ama ikastola ere berriz idekiko dugu langileak beti hemen bagaude. Zazpi irakasle ikastolan egonen dira eta beste batek etxetik segituko du lanean". Gehiengoa ikastolara itzuliko da baina ahul edo haurdun dauden irakasleak etxean egonen dira Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariaren hitzetan. "Poliki eta segurki ari gara: adin desberdinetako ikasleek sarrera desberdinetatik sartu eta lurrean dauden marrak errespetatu beharko dituzte. Bazkaldu edo airea hartzeko une desberdinak finkatu ditugu. Yoga ikastaroak eskaintzeaz gain, agurtzeko molde eta joko berriak erakutsiko dizkiegu ikasleei.