TOLOSA. Koronabirusak eragindako krisialdiaren kalteak gutxitzeko asmoz, Tolosako Udalak herriko merkataritza sustatzeko kanpaina abiarazi zuen, Suspertu Tolosa izenekoa. Guztira, herriko 147 establezimenduk eman zuten izena ekimenean parte hartzeko, eta 7.000 erosketa-bonutik gora jarri ziren salgai. Bada, lehenengo bi egunetan 1.900 bonu saldu dira dagoeneko.

Zentzu horretan, udalak herritarren erantzuna txalotu eta eskertu nahi izan ditu: “Kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu hasiera honetan. Tolosarron parte hartze, inplikazio eta konpromisoak ezinbestekoak zirela azpimarratu genuen Tolosa elkarrekin eta guztion artean suspertzeko, eta izugarria izan da herritarren erantzuna; ezbairik gabe erakusten du sendoa dela bertako saltokiekiko herrian dagoen konpromisoa eta eskertzekoa eta txalotzekoa da”, azaldu du Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduradunak.

WEBGUNEKO ARAZOAK, KONPONDUTA

Herritarren bat-bateko erantzun itzela albiste on bezain pozgarria bada ere, une berean jaso ziren bisitari eta eskari kopuruak hainbat arazo sortu zituen. Hainbesterainokoa izan zen webguneko bisitari eta erosle kopurua, non larunbatean nahiz igandeko lehen orduetan zerbitzua etenda egon baitzen, ordainketa-pasarelak gainezka egin eta gero.

Dagoeneko arazo guztiak konpondu dira, beraz, normaltasun osoz erosi ahal izango dira bonoak. Maiatzaren 29ra arte izango da, gehienez, horretarako aukera, lehenago bonuak agortzen ez badira, behintzat.

Erosketan zailtasunik izanez gero, edota laguntza behar izanez gero, merkataritza sailak laguntza eskainiko du 943 69 75 21 telefonoan edota merkataritza@tolosa.eus posta elektronikoaren bitartez.