TOLOSA. Orain dela hiru aste, Tolosako Udalak etxez etxeko "Azoka, zure etxera" izeneko ekimena abiarazi zuen. Hasiera batean beharrezko produktuak banatzeko sortu zen, baina pixkanaka-pixkanaka zerbitzu hori indartzen joan da, eta orain landareak eta loreak banatzen hasiko dira.

Hamabi dira zerbitzuan parte hartzen duten ekoizleak, eta aste honetatik aurrera, udaberri bete-betean, lore eta landareak ere eskuragai izango dira, Berdura Plazan jarri ohi diren ekoizleen eskutik. Larunbatero-larunbatero eguneratzen da parte hartzaileen zerrenda, eta Tolosako Azokako sare sozialetan eta udaleko webgunean ematen da horren berri.

Ahal den neurrian zerbitzu hau hobesteko dei egin du udalak, guztiek presentzialki egoteko aukerarik ez dutenez, ekoizle guztiei beren produktuak merkaturatzeko aukera eskaintze aldera.

POSTUEN ARTEKO ERROTAZIOA ZERKAUSIAN

Larunbateko azokak ere aldaketa txikiak izango ditu. Prebentzio eta segurtasun neurriak direla eta, ezinezkoa da Zerkausian postu guztiak kokatzea, horregatik txandakako sistema jarri da martxan.

Hori horrela, joan den astean egon ziren zazpi postu berri izango dira larunbat honetan Zerkausian. Aste honetan parte hartuko ez duten 7 postu horietako batzuk, “Azoka, zure etxera” zerbitzuaren bidez, etxez etxeko banaketa eskaintzen jarraituko dute, eta hortaz, eurei produktuak erosteko aukera izango da bide hori erabiliz.

EZKER MEZUAK

Egoera berria izanik, neurri eta protokoloetara egokitzea erraza izan ez bada ere, ekoizle, herritar eta udal langile guztiak, merkataritza, azoka eta turismoa sailekoak, hirigintzakoak, brigadakoak eta udaltzaingoak, babes zibil eta TAOko langileen laguntza eta lana txalotu eta eskertu nahi ditu udalak.

Oro har, jendea ardura handiz ari da neurriak errespetatzen, eta horrek azoka modu seguruan egin ahal izatea ahalbidetzen du. Normaltasunera itzuli artean, neurriok mantenduko direla gogoratu udalak, eta orain arteko jarrera onari eusteko dei egin die herritarrei.