TOLOSA. Martxoaren 12an, Tolosako Udalak koronabirusaren aurkako neurriak jartzeko Prebentzio Mahaia sortu zuen. Orain, hilabete bat pasa eta gero, Prebentzio Mahaiak hartutako 50 neurri inguru horien balantzea egin du.

Segurtasuna bermatu eta herritarren beharrak erantzun:

Olatz Peon Ormazabal, alkateak adierazi duenez, "lehen egunetik hartutako neurriek helburu izan dute herritarren ongizatea eta bereziki, tolosarren segurtasuna bermatzea eta beren beharrei erantzutea, horixe izan da gure lehentasun nagusia". Arreta berezia jarri da kolektibo ahulenen, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran dauden pertsonengan eta horiei zuzendutako zerbitzuak berregokitu edota indartu egin dira. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeen edota adineko pertsonen kasuetan, adibidez.

Alkateak gogorarazi du bakarrik edo bikotean bizi diren adineko pertsonei banan-banan deitu zaiela beren egoeraren berri izateko eta beharrik ba ote duten jakiteko, ondoren, atzemandako behar horiek bideratzeko. Halaber nabarmendu du, "funtsezko zerbitzu gisa ezarri genituen hasiera hasieratik Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Herritarren Arreta Zerbitzua, tolosarrak modurik egokienean artatuak egon zitezen".

Osasun larrialdi egoeraren aurrean hartutako lehen neurriak:

Egoera berezi honek, udal barruan ere lan sakona ekarri duela adierazi du alkateak, "hainbat langile berrantolatu ditugu, txandak ezarrita, langileen gehiengoa etxetik ari da lanean eta arreta bulego guztiak itxita daude". Udala, dena den, modu telematiko eta telefonikoan ari da herritarrak artatzen.

Hasieratik, beraz, Prebentzio Mahaiak hainbat zerbitzu eta jarduera etetea eta eraikin publikoak zein edukieragatik beste hainbat eremu ixtea erabaki zuen, horien artean: Leidor, Kiroldegia, Musika Eskola, Kultur Etxea, Liburutegia eta abar luze bat.

Hiribus zerbitzua ere murriztua da eta TAO zerbitzua bertan behera utzi, baita azoka ere, jende pilaketak ekiditeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, izan ere, hartutako neurri guztiek izan dute helburu kutsatzeak saihestea eta herritarren segurtasuna ziurtatzea.

Hainbat zerbitzu indartuta eta online eskaintza zabala herritarrentzat:

Indartu diren zerbitzuen artean daude kale garbiketarena eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arreta zerbitzuarena. Kale garbiketa indartzeaz gain, desinfektatzaileak ere erabiltzen hasia da udala espazio publikoak garbitzeko. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei dagokienez, zerbitzua 24 orduz jarri da martxan.

Komunikazioa ere areagotu da, bai kanpora eta baita barrura begira ere, udalak eskura dituen bide guztiak erabilita. Covid19ari buruzko atal berezia ere sortu da gai honen inguruko informazio guztia gune batean herritarren eskura jartzeko eta berriki WhatsApp zerbitzua ere jarri da martxan herritarren zalantzak modu zuzenean erantzuteko.

Gizarte Zerbitzuetatik ere, jangela sozialeko erabiltzaileen beharrak asetzeko kudeaketa lanak egin dira, eta jada Zutani elkartekoak Peñaskal Kooperatibako kideen laguntzarekin, elikagaiak banatzen ari dira. Abegi zentroa ere egunez eta gauez zabaldu da, Peñaskaleko ordezkariekin batera, kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Etxez-Etxeko Arreta Zerbitzuaren jarraipen estua ere egin da, behar berriei erantzuteko, eta oro har, Gizarte Zerbitzuetatik beharrezkoak izan diren zerbitzu guztien koordinazio lana egin da.

Aisialdiari lotuta, online eskaintza zabala jarri du udalak herritarren eskura: kirola egiteko APP, ikastaroak, gazteentzako eskaintza berezia, baita Aste Santurako ere eta agenda kultural interaktiboa, besteak beste.

Herri Babeserako taldearen eta brigadaren eskutik, norbere babeserako materialaren banaketa egin da eta egiten jarraituko da: Iurreamendin, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langileen artean, Udaltzaingoan, zabalik dauden saltokietan etab.

Neurri ekonomikoak erakundeekin koordinatuta:

Alkateak nabarmendu du, beharrezkoa dela neurri eta proposamen ekonomikoak gainerako erakundeekin koordinatuta lantzea. Dagoeneko lehen neurriak hartu dira: kiroldegiko kuotak izoztu dira, hainbat zergen ordainketa atzeratu da eta ekoizleen produktuak merkaturatzeko 2 egitasmo jarri dira martxan, dena den udala proposamen berriak ere aztertzen ari da.

Horren haritik alkateak jakinarazi du, "gainerako erakundeek martxan jarritako laguntza lerroak aztertzen ari gara udaletik horiek osatzeko; dagoeneko baditugu proposamenak mahai gainean eta datozen egunetan horien berri emango dizuegu, krisi egoerak aurre egin ahala, orain, 2020ko aurrekontuak berraztertzea eta neurri ekonomikoak hartzea dagokigu, tolosarren ongizatea bermatzen jarraitzeaz gain, gure hiri ekonomia babestu eta suspertzeko, horixe izango da, datozen hilabeteotan gure helbururik nagusiena: herritarrei gure laguntza osoa eskaintzen jarraitzea".