BILBO. Konfinamendu garai honetan hartutako neurriak ahalik eta hoberen betetzeko, Ertzaintzaren Buruzagitzak merkataritza-jarduerei buruzko irizpideekin zerrenda eguneratu bat argitaratu du, Euskadiko Udaltzaingo guztiekin batera egindakoa. Zerrendak honako irizpide guztiak batzen ditu:

  • Orokorrean, ezin dira lokal eta establezimendu minoristak ireki. Honako lokalak bakarrik zabaldu daitezke: janari dendak - gozoki-dendak eta gozotegiak barne-, edari dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak.
  • Jatetxeek janaria etxeetara eramateko bakarrik izango dute baimena, baina bezeroak ezingo dira jatetxera joan janaria jasotzera. Janari prestatua saltzen duten establezimenduek janaria etxeetara eraman ahal dute eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute janaria establezimenduen barruan kontsumitu.
  • Okindegiek edariak saldu ditzakete, kafea barne, baina eramateko bakarrik; inola ere ez establezimenduan bertan kontsumitzeko.
  • Ezin dira zerbitzugune edo gasolindegietako kafetegi eta jatetxeak zabaldu, baina dendan jakiak saldu daitezke.Ile-apaindegiak ezin dira ireki, baina etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.
  • Lokutorioak transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.
  • Denda-ibiltarien bidez kalez kale saltzen ibiltzea onartuta dago, premiazko produktuak badira eta Udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene- eta osasun-neurriak errespetatu beharko dira, eta ordutegia 08:00etatik 15:00etara mugatuta egongo da.
  • Automoziozko tailer mekanikoak zabalik egongo dira, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.
  • Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez duten establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze-lanak egin ditzakete.
  • Nutrizio produktuak saltzen dituzten dendak zabalik egon daitezke, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.
  • Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta-erlijio kulturik egin, ezta hileta-zeremonia zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo errausteko agurra egitea, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta-errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.
  • Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak baimenduta daude, baldin eta jarduera profesionala bada.
  • Familiako baratzetan lan egin ahal da, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira, baita betekizun hauek ere:
  1. Helburua izatea elikagaiak jasotzea edo baratzeko oinarrizko mantentze-lanak egitea.
  2. Baratzean produktu gehiago landatzeko prestatze-lanak ezin dira egin.
  3. Joan-etorria justifikatzeko baratzearen titulartasun-dokumentua erakutsi ahal da.
  • Establezimendu batean sartzean, barruan ahalik eta gutxien egon behar da, egin beharreko erosketak egiteko ezinbestekoa den denbora baino ez. Pertsonen artean, gutxienez, metro eta erdiko distantzia gordetzea gomendatzen da.
  • Hotelak apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea debekatuta dago. Salbuespen gisa, turismo-ostatuak, ezinbesteko zerbitzu deklaratutakoak, zenbait kasutan irekitzea baimentzen da.