TOLOSA. Konfinamendu garaia nolabait eramangarriagoa egiteko, Tolosako Udaleko Ingurumen Sailak 'Etxeko leihotik' izeneko ekimena abiarazi du. Horren xedea etxeko leihotik hegaztiei argazkiak ateratzea eta partekatzea da, herriko hegaztien bilduma sortzeko.

'Etxeko leihotik' izeneko ekintzan, etxeko balkoitik edo leihotik 'Birdwatching' edo hegaztien behaketa saioak egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Familian egiteko ekintza interesgarria izan daiteke, ikusi daitezkeen espezieak elkarrekin identifikatuz. Behaketa horretan ikusitako hegaztiei argazkiak egiteko eskatu dute, ondoren herriko hegaztien bilduma bat egiteko. Egitasmoaren helburua Tolosan dagoen biodibertsitatea ezagutu, jaso eta balioan jarri nahi da.

Argazkiak jasotzeko bi bide zehaztu ditu Ingurumen sailak: Interneten jarri duten galdetegi bat betez, edo argazkia eta informazioa tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera bidalita. Email bidez bidaltzen diren argazkiekin batera bidaltzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbide elektronikoa, irudia non eta noiz atera den zehazten duen azalpen labur bat eta ahal den kasuetan hegaztiaren espeziea zehaztea eskatu dute. Tolosako Udalaren webgunean Ingurumen sailaren atalean osatuko dute jasotako argazki guztien bilduma. Parte hartzen duten guztien artean, Alberto Luengoren "Tolosako fauna: landa behaketa" liburuak zozkatuko dira.

HAINBAT BALIABIDE ONLINE

Herriko hegaztien inguruko bilduma osatzeko proposamena egiteaz gain, Tolosako Udaleko Ingurumen departamentuak naturarekin lotutako hainbat baliabide online jarri ditu. Besteak beste, Tolosako biodibertsitateari buruz Alberto Luengok egindako "Tolosako fauna: landa behaketa" liburua eta Tolosako Oria ibaiaren hegaztien gida. Horrez gain, Euskadiko hegaztien gida ere online jarri du. Aipatutako baliabide horiek guztiak, Tolosako Udalaren Ingurumen sailaren atalean kontsulta daitezke.

ESKAINTZA ZABALA

Tolosako Udaleko Kultura sailak, bestalde, azken asteetako dinamikari eutsi dio eta etxetik bertatik kulturaz online gozatzeko baliabideen zerrenda handitu du. Aste honetarako egin dituen proposamenen artean dago Agerremedia webgunea. Tolosako bizitza islatzen duten Iñaki Lopetegiren argazkiak eta herritarrek bidalitakoak ikusi daitezke bertan.

Etxeko txikienen artean irakurzaletasuna eta zibersegurtasuna lantzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako Irakurriz Hausnartu programa ere gomendatu dute.

Dantzarako aukera ere luzatu dute, eta AIKO taldeak martxan jarri duen "Idantza Aikorekin" egitasmoa aipatu dute. AIKO taldeak tradiziozko musikaren eta dantzaren hedapenean lan egiten du, eta proiektu honekin, streaming bidez elkarrekin etxetik dantza egiteko proposamena egiten dute. AIKOren Youtubeko kanalean ikusi daitezke saio guztiak.

Iraide Ansorena musikari tolosarrak Xabi Aburruzagarekin, Imanol Urkizurekin eta Andoitz Antziarrekin batera egin duen 'Hauspoaren infernutik' fandangoaren bertsioaz gozatzeko aukera ere proposatu du Kultura sailak.

MENDI TALDEAREN BIGARREN JOLASA

Mendu aisialdi taldeak bigarren jolas bat proposatu du: Ping Pang Pong. Hiru plater, kazola bat eta ping-pongeko pilota bat behar dira oraingo jolaserako. Hiru platerrak buruz behera eta kazola lurrean jarri, bata bestearengandik distantzia batera eta pilota jaurti. Pilota kazolan sartzea da gakoa, aurrez hiru platerretan jota.