1.272 dei egin dituzte guztira

Tolosako Udalak herriko nagusiak deitu ditu haien egoera jakiteko

08.04.2020 | 17:34

TOLOSA. Koronabirusak eragindako beharrezko konfinamendua adineko hainbat pertsona euren etxeetan isolatu ditu. Horien egoera jakiteko, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak bakarrik edota bikotean bizi diren 70 urtetik gorako herritar guztiekin kontaktatu du, guztira 1.272 dei eginez, inolako beharrik duten jakiteko.

Herritarrek esker ona azaldu dute egindako deietan, eta elkarrizketa atseginak ere sortu dira. Pertsona gehienek beharrak asetuta dituztela adierazi dute, eta dagoeneko laguntza badutela jakinarazi dute, familiarte edota bizilagunekin moldatzen ari baitira.

Beste hainbat ere jarri dira zuzenean udalarekin harremanetan 010 telefono zenbakira deituta. Orotara, beraz, 73 pertsonek eskatu dute laguntza eta eskakizunak Zaintza Sarea Tolosako boluntario taldearen bidez bideratu dira.

Boluntario taldea hiru ardatz nagusitan banatuta ari da herritarrei laguntza eskaintzen: Batetik, bazterkeria egoeran eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei zuzenduta ari dira lanean, Peñaskal Kooperatibaren eskutik, eguneko eta gaueko arreta, eta oinarrizko beharrak asetzeko banaketak eginez Zutani elkartearekin lankidetzan. Bestetik, Adinkide programaren bidez, bakardadea sentitzen duten adineko pertsonei laguntzen diete; eta, azkenik, Gurutze Gorriaren programaren bidez erosketak eta bestelako tramiteak egiten laguntzen diete adindunei.

Laguntza eskatu duten adineko pertsonen gehiengoak, 70k zehazki, erosketak egiteko eskatu du laguntza. Gainerakoek, Adinkidek eskaintzen dien telefono bidezko arreta eta laguntza jasotzeko nahia eta borondatea azaldu dute.

Laguntza Sarea Tolosa boluntario taldearekin koordinatua

Tolosako Gizarte Zerbitzuen saila modu koordinatuan ari da lanean "Laguntza Sarea Tolosa" boluntario taldearekin. Gizarte Zerbitzuen sailak boluntario taldeari helarazten dizkio identifikatutako beharrak eta boluntario taldeak herritarren behar horiei erantzuten die.

Herriko baliabideen koordinazioa eta eraginkortasuna bermatze aldera, boluntariotzan ari diren eragile guztiek eta Tolosako udaleko teknikariek lan-taldea osatu dute: Gurutze Gorria, DYA, Adinkide, Herri Babesa, Peñaskal Kooperatiba, Auzolanean Tolosa eta Udala. Talde hau egunero biltzen da egoeraren jarraipena egin eta lanak