Síguenos en redes sociales:

945 16 14 43 eta 945 16 16 09

Adinekoek bakarrik senti ez daitezen bi telefono egokitu ditu Gasteizek

GASTEIZ. Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak neurri berri bat abiarazi du hiriko adineko pertsonak bakarrik sentitu ez daitezen. Hala, bi telefono zenbaki egongo dira zabalik bakarrik bizi diren nagusiek deitzerik izan dezaten, behar duten edozein gauzarako. Bertan, adinekoen zentro soziokulturaleko teknikariek erantzungo diete. Telefono zenbakiak honako hauek dira: 945 16 14 43 eta 945 16 16 09.

Etxean geratzeko neurriekin batera abiarazi zen programa, eta geroztik 1.200 adineko ingururen egoera jarraitzen aritu dira aldian behin. Adinekoen zentroetako erabiltzaileei astero deitzen diete zer moduz dauden galdetzeko, aholkuak emateko eta materialak (liburuak, denborapasak, ariketa kognitiboak, etab.) etxeko ateraino eramateko.

Orain, beste 5.492 pertsonarengana iritsiko da laguntza, zehazki, bakarrik bizi diren eta 70 urte baino gehiago duten pertsonengana, gizarte zerbitzuekin harremanik ez izan arren.

Horietako 1.150 pertsonari diptiko bat bidaliko zaie etxera, laguntza edo konpainia behar izanez gero zein udal programa eta zerrbitzutara deitu dezaketen jakin dezaten, Udalak ez baitu haien telefono zenbakiaren berri. Gainerakoei telefonoz deituko zaie nola dauden jakiteko eta laguntza eskaintzeko, halakorik behar badute ere.

“Helarazten ari garen informazioak dioen bezala, hain egun arraro eta zail hauetan adinekoekin egon nahi dugu, honelako egoeretan bakardadea, tristezia, etsipena edo kezka sortzen baitira. Hori sentitzen dutenei entzun egingo diegu, eta gure laguntza eta konpainia eskaini”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zehazki, 945 16 14 43 eta 945 16 16 09 telefonoak egokitu dira; adinekoen zentro soziokulturaletako profesionalek astelehenetik ostiralera hartuko dituzte deiak, 11:00etatik 17:00etara, baita Aste Santuko jaiegunetan ere.

Argibideak emateko diptikoan udalaren beste telefono batzuk ere eskaintzen dira: 010 eta 945 16 11 00, familia edo gizarte sostengurik ez dutelarik oinarrizko gizarte zerrbitzuen beharra dutenentzat, eta 945 13 44 44 telefonoa (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua) eguneko 24 orduetan funtzionatzen duena, premia handia dutenentzat.