BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak 102 master eskainiko ditu hurrengo ikasturtean, 2020-2021a, adar guztietakoak: Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Arteak eta Giza Zientziak eta Ingeniaritza eta Arkitektura. Unibertsitate masterretan aurrematrikulazioa egiteko epea irekita dago jada, eta maiatzaren 22ra arte iraungo du zabalik.

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. Graduondoko ikasketen eskaintzan unibertsitate arteko zein nazioarteko master ugari aurki daitezke, eta zortzi Erasmus Mundus. Izan ere, UPV/EHU da Erasmus Mundus (Europar Batasunak ematen duen kalitatezko zigilua) master gehien eskaintzen dituen Estatuko unibertsitateetako bat.

Masterrei dagokienez, lau titulu berri jarriko dira martxan: Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Erasmus Mundus Masterra, Hizkuntzaren eta Komunikazioaren Teknologiak Erasmus Mundus Masterra, Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketa, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza (online).

Eskaintza horri esker, euskal ikasleek espezializazio maila altua lor dezakete etxetik gertu, eta, horrez gain, bere prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko aukera izango dute, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez.

Gainera, UPV/EHUk ikasleak harremanetan jartzen ditu zentro teknologikoekin, enpresekin eta erakundeekin, baita ere esanguratsuak diren nazioarteko ikerketa-taldeekin. Graduondoko ikasleek badaukate enpresetan praktikak egiteko aukera, I+G+b zentroetan, erakunde eta enpresetan, masterrek sinatu dituzten 800 hitzarmeni esker, eta unibertsitatearen eta beste erakunde batzuen bekak eta diru-laguntzak eskura ditzakete.