GASTEIZ. Covid-19aren aurka ezarritako segurtasun neurriak betetzen diren kontrolatuko du Gasteizko Udalak hiriko elikadura-saltokietan. Horrez gain, udalak informazio difusioa indartu du establezimenduetan, bai langileek bai bezeroek informatuta egon daitezen.

Segurtasun-gomendioek honako alderdi hauek jorratzen dituzte: eskuen higienea (nola eta zein egoeratan egin behar den), laneko eskularruak erabiltzeko jarraibideak, maskara erabiltzea komeni den ala ez, laneko arropa garbitzea, establezimenduaren beraren higienea (gomendatutako produktuak eta zer azaleratan jardun behar den), garbiketa- eta desinfekzio-maiztasunak, manipulatzaileen sintomak zaintzea eta kasu positibo bat detektatzeko jarraibideak.

Bezeroei dagokienez, establezimenduaren eta erostera joaten direnen erantzukizuna da gehienezko edukiera errespetatzea, bai barruan, bai kanpoan, pertsonen arteko 1,5 metroko prebentzio-distantzia bermatzeko. Ahal den neurrian, saihestu egin behar da bezeroek elikagaiak zuzenean manipulatzea, bereziki ontziratu gabeak. Autozerbitzuko establezimenduen kasuan, erabilera bakarreko erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea gomendatzen da, beti erabiltzeko moduan egon beharko dutenak.

"Egungo pandemia-egoeran elikadura-establezimenduek gomendio horiek betetzea oso garrantzitsua da. Batetik, birusa kutsatzeko eta zabaltzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzeko, eta, bestetik, elikagaien hornikuntza bermatzeko, produktu horien hornikuntza oinarrizko zerbitzua baita, egungo egoeretan huts egin ezin duena", gogorarazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.