BILBO. Ariketa fisikoak ausaz egiteak motibazioa igotzen duela ebatsi du UPV/EHUk zuzendutako ikerketa batek. Arrazoia Antzeko masa muskularra handitzen dela da, modu horretan eta karga bidezko entrenamendu programa tradizional batean.

Xedea masa muskularra handitzea denean, entrenamendu bolumena (lan kantitatea), intentsitatea (zer intentsitatekoa den lan unitate bakoitza) eta maiztasuna (zenbat aldiz entrenatzen dugun muskulu talde bakoitza) funtsezko aldagaiak dira, eta horietan zentratu da batik bat ikerketa. Nolanahi ere, ariketak aukeratzea eta horiek maneiatzea kontuan hartzeko beste faktore batzuk dira, ahalik eta masa gehien handitu nahi badugu.

Komunitate zientifikotik kanpo, "nahasmendu muskularra" terminoa erabili dugu argudiatzeko ez diogula muskuluari egokitzen utzi behar eta, beraz, harritu egin behar dugula, eta modu askotara estimulatu. Alderdi horri dagokionez PLOS ONE aldizkariak "The effects of exercise variation in muscle thickness, maximal strength and motivation in resistance trained men" artikulua argitaratu berri du, Eneko Baz-Valleren doktorego tesiaren parte dena -UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Saileko Jordan Santos-Concejerok zuzendu du-.

Ikerketaren helburua zen subjektu entrenatuen bi entrenamendu talde alderatzea. Horietako batek ariketa finko batzuk egin zituen zortzi astez, eta bestea ariketak eta errepikapen heina aldatuz joan zen, entrenamendu bolumenaren, maiztasunaren eta intentsitatearen egitura berari eutsita.

Emaitzak lortzeko, koadrizepsaren (alboko muskulu bastoa, erdiko muskulu bastoa eta izterreko muskulu zuzena) lodiera muskularra, subjektuen berezko motibazioa eta gehieneko indar dinamikoa (gehieneko errepikapen bat banku press-ean eta sentadillak) neurtu ziren. UPV/EHUren Fisiologia Sailean egin ziren neurketak, eta azterlana Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin eta New York Hiriko Unibertsitatearekin (CUNY) elkarlanean egin da. "Ikerketaren emaitzen arabera, ezberdintasun esanguratsuak zeuden berezko motibazioan saioz saio; alegia, ariketak ausaz aldatu zituen taldea motibatuagoa zegoen. Nolanahi ere, ez genuen ezberdintasunik ikusi lodiera muskularraren neurketetan eta gehieneko indar dinamikoan", ikertzaileek zehaztu dutenez.

Datu horiekin ondoriozta daiteke "nahasmendu muskularrak" ez duela eskema egonkorrak baino onura handiagoa masa muskularra handitzeko, eta, epe ertain-luzera, baliteke txikiagoa ere izatea. Hala ere, entrenatzeko hain motibatuta ez daudenentzako onuragarria izan daiteke ariketak maiztasun handiagoarekin aldatzea. "Azken batean, jarraipenik eta iraunkortasunik gabe, gainerako aldagaiek ez dute axola", nabarmendu dutenez.

Ikerketa honetan, ariketaren errotazioa ausaz egin zen, banakako beharrei eta trebetasunei arreta jarri gabe; beraz, "baliteke programazio indibidualizatu batek egokitzapen muskularrak are gehiago hobetzea, baldin eta ariketak kontu handiz aukeratzen badira faktore biomekanikoak, fisiologikoak eta antropometrikoak kontuan hartuta", esan dute amaitzeko.