Euskadiko 25 urtetik beherako hiru gaztetik batek euskara du ama-hizkuntza, Eusko Jaurlaritzaren arabera. 5 eta 24 urteko gazteen %33,73k dute hain zuzen ere euskara ama-hizkuntza (%20,59k euskara soilik eta %13,14k euskara eta gaztelania). Gainon-tzeko biztanleei dagokienez, %61,95ek gaztelania dute ama-hizkuntza, eta %4,33k beste ama-hizkuntza bat daukate.Egoera lurraldeka aztertuz gero, Gipuzkoa euskara ama-hizkuntza duten gazteen kopururik handiena duen lurraldea da (%51,53). Horien artean, %36,23 euskaldun zahar aktiboak dira, eta %15,3k, euskara zein gaztelera baliatzen dute. Halaber, azken hau ama-hizkuntza duten Gipuzkoako gazteak %44,12 dira, eta %4,35ek beste hizkuntzaren bat lehenesten dute.

Bigarren postuan Bizkaia dago. Bertan, 5-24 urteko gazteen %26,4ak euskara edo euskara zein gaztelania dauka ama-hizkuntza gisa (%14,08k euskara bakarrik eta %15,3k euskara eta gaztelania). Hartara, Gipuzkoarekin alderatuz gero, errealitate soziolingusitikoa bestelakoa da, gazteen %69,9k gaztelania baino ez dutelako ama-hizuntza, eta %,3,7k beste ama-hizkuntzaren bat dute.

Azken postuan, Araba euskaldun berri kopuru handieneko lurraldea da. Izan ere, Arabako gazteen %17,44k baino ez dute euskara lehen hizkuntza moduan (%6,5ek euskara bakarrik eta %10,94k euskara eta gaztelania). Hartara, arabarren %76,22ren ama-hizkun-tza gaztelera da, eta %6,34k bestelako ama-hizkuntzak dituzte.

BIDEA Euskararen ezagutza kontuan hartu zuen aurreneko errolda-datuak 90ko hamarkadaren hasieran argitaratu ziren. Harrezkeroztik, Jaurlaritzak azaldu duenez, hazkunde “nabarmena” ikusten da. Izan ere, garai horretako datuekin alderatuz gero, aldea 10 puntu baino gehiagokoa da: 1991n, euskara ama-hizkuntza zuten 25 urtetik beherako gazteen kopurua %22,31koa zen (%17,1 euskara bakarrik eta %5,21 euskara eta gaztelania), gaur egungoa baino ia 12 puntu baxuagoa. Dena den, bi ama-hizkuntza dituzten gazteen ehunekoak gora egin du, %5,21etik %13,14ra.

Lehenago azaldutako hierarkian Araba bazegoen ere, zenbakiei erreparatuz, hazkunderik handiena izan duen probintzia izan da. Euskara ama-hizkuntza bakarra edo bi ama-hizkuntzetako bat dutenen kopuruak 13 puntuko gorakada izan du, %4,01etik %17,44ra. Bizkaian 12 puntu egin du gora, %14,76tik %26,4ra, eta, Gipuzkoan, 9 puntu, %42,73tik %51,53ra.

Gauzak horrela, egia da hiru gaztetik batek euskara duela euskara ama-hizkuntza. Halere, ezagutzari begiratuz, portzentaia are handiagoa da, %80tik gorakoa. Hori bai, ama-hizkuntza izateak erabileran gehien eragiten duen faktoreen artean dago. “Azken Euskararen Inkesta Soziolinguistikoak agerian utzi zuenez, adin-talde gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak; era berean, hazkunde nabarmena islatu zuen 1991ko datuekin alderatuta (Euskararen lehen Inkesta Soziolinguistikoa urte hartan egin zen). 1991n, euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen zuten gazteen (kasu honetan 16-24 urte; Inkesta horrek ez baititu kontuan hartzen 16 urtetik beherakoak) ehunekoa %12,4koa zen; egun, kopuru hori %29,5ekoa da”, azaldu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik.