EIBAR. Pasaden ostegunean, otsailaren 6an, AP-8 autobidean gauzatu zen lur-jausiak zabortegi batean lan egiten ziharduten bi langile utzi zituen lurperatuta. Horren ondorioz, zorigaitza gertatu zen hurbileko herri eta hirietan ezinegon handia dago, horren inguruan informazio ugari eta ezberdinak atera baitira. Hori dela eta, Eibarko Udalak airearen kalitatea neurtzeko lau neurgailu jarri ditu, herritarrak lasaitzeko asmoz, izan ditzaketen kezkak gutxitzeko.

Hala, alkateak erabakita, lau neurgailu kontratatu dira herriko airearen kalitatea ezagutzeko. Datozen orduetan jarriko dira Amañako ikastetxean, Ipuruako kiroldegian eta Uni Eibar-Ermuan ikastetxean —Eibarko mendebaldeko guneak hirurak— eta baita Azitaingo Lantegi Eskola parean ere —ekialdean—, hiriko bi muturren artean egon daitezkeen aldeak ezagutzeko, halakorik balego.

Alkateak erabakiaren berri eman die udal ordezkariei gaur eguerdian urgentziaz egin den Bozeramaileen Batzarrean, non luiziaren inguruko informazio guztia azaldu duen.

Nahiz eta asteburu honetan zehar Eusko Jaurlaritzak hainbat neurketa egin Zaldibarko zabortegiaren inguruan, eta, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren iturrien arabera emaitza horiek zehaztu duten "ez dagoela gorakada nabarmenik eta konposatu organiko lurrunkorren profila egonkor eta ohiko mailen barruan mantentzen dela", erabaki da neurketak indartzea, datu zehatzagoak lortzeko eta eibartarrak lasaitzeko, kezka eta alarma uxatuz.

Neurketen ondorioz lortutako datuak egunero emango zaizkie herritarrei ezagutzera, Eibarko Udalaren kanalen bitartez.