DONOSTIA. Donostiako Udalak 5,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Talent House II hartuko duen eraikina eraikitzera edota erostera. Horren helburua hiriak ikertzaileentzat eta langile kualifikatuentzat bigarren eraikin bat izatea da.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa, hirira talentua erakartzeko hainbat estrategia bultzatzen ari da Donostia Sustapenaren bidez. Horregatik, 2011ean inauguratutako Talent House proiektuari jarraipena emango dion bigarren eraikina abian jarri nahi du, lehenengoaren arrakasta ikusi eta gero. Lehen eraikinari esker ikertzaile kopuru handi bat etorri eta geratu da Donostiara, eta euren lana Donostiako teknologia eta ikerketa zentroetan eta zentro-akademikoetan gauzatu dituzte.

Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak azaldu duenez, "talentuaren aldeko apustua egitea erabakigarria da Donostiarako, eta, alde horretatik, zerbitzu egokiak ematen eta bilatzen saiatu behar dugu, goi mailako kualifikazioa duten profilek Donostia toki erakargarri gisa ikus dezaten, bai maila pertsonalean, bai profesionalean. Talent House II 2011n abiarazitako Talent House I egitasmoaren osagarri gisa sortua da, lehendabiziko proiektu hori sendo eta arrakastatsu bilakatu baita".

Helburu honekin, Donostia Sustapena, S.A.-k beharren programa bat zehaztu du. Horren bidez, aldi baterako ostatu-zerbitzu berri bat eskaintzeko aukera egongo da, eta egonaldi laburretarako izango da. Bizitegi edo ostatu turistikoengandik ezberdinak izango dira, eta Talent House II izeneko apartamentu-eraikin berri batean kokatuko dira.

Aipaturiko beharren programak, gutxienez, 80 etxebizitza izan beharko dituen eraikin bat aurreikusten du. Pertsona bakarrarentzako ala birentzako, sukaldea, logela, komun banandua eta lanerako espazio bat izan beharko dituzte, eta gainera, eraikin publikoetan aplikatu beharreko araudiak ezarritako energia eta bioklima kalifikazioa emango dioten ezaugarri batzuk izateko beharra azpimarratzen du.

TALENT HOUSE I datuetan

Talent House Iek (Baenako Dukea 42) % 87ko okupazio tasa izan zuen 2019. urtean, eskaintzen dituen 80 apartamentuetan. Guztira 310 ikertzailek hartu zuten ostatu, eta batez beste bost hilabeteko egonaldiak egin zituzten. Gehiengoa bakarrik heldu baziren ere, batzuk bikotearekin heldu ziren, eta gutxi batzuk euren familiarekin. Ikertzaileen maila akademikoari dagokionez, % 69 doktoreak dira, eta % 28 doktorego aurrekoak.

Iazko ikerlariei dagokionez, hurrengo enpresetan aritu ziren:

  • DIPC (% 22)
  • Polymat (% 15)
  • EHU/UPV (% 11)
  • CICBiomagune (% 11)
  • BCBL (% 8)
  • CICNanogune (% 8)