BILBO. Arrisku-aisiaren eskaintza, guraso bakarreko familiak eta bizitoki egonkorrik ez izatea askotan jo dira literatura zientifikoan gazteen delinkuentziari lotutako faktoretzat. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek egindako delituetan aztertu du lotura hori UPV/EHUko CRIM-AP ikerketa-taldeak, beste testuinguru geografiko eta kultural batzuetan ikusitakoarekin bat datorren alderatzeko. Ikusi dutenez, ordea, beste batzuk dira gazteak delitu egitera bultzatzen dituzten faktoreak.

Euskal Autonomia Erkidegoan 12 eta 18 urte bitarteko gazteek egindako ia 2.000 delitu aztertu ditu UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko CRIM-AP ikerketa-taldeak, eta, hala, behatu ahal izan du zer egoera- eta testuinguru-faktorerekin dagoen lotuta gure inguruan gazte-delinkuentzia. "Beste edozein portaeratan bezala, delituak egiteko ere beharrezkoa da zenbait elementuk bat egitea: ezinbestekoa da arau-hauslea eta balizko biktima une eta leku berean bat egitea, eta, era berean, delitu hori prebeni dezakeen inor ez egotea", azaldu du Alexander Trinidad ikerketaren egileetako batek.

Ikerketaren helburua izan zen EAEn gertatzen dena erkatzea literatura zientifikoan gai horri buruz dagoen informazioarekin, "batez ere herrialde anglosaxoietan eta Europako iparraldean egindako ikerketetan lortutakoa baita informazio hori —dio Trinidadek—. Iturri horien arabera, arrisku-aisialdiko jarduerak askotan agertzen dira lotuta gazteen delinkuentziarekin. Jarduera horien ezaugarriak dira ez dutela izaten inolako ikuskaritzarik, gazte-taldeak elkartzen direla eta alkohola edo beste substantzia batzuk kontsumitzeko aukera ere badutela. Taberna, diskoteka, pub eta abarren eskaintzarekin lotzen dira maiz jarduera horiek, eta, hortaz, mota horretako zenbat eta lokal gehiago egon udalerri jakin batean, adingabeek egindako delitu-tasa orduan eta handiagoa izatea espero liteke".

Beste leku batzuetan behatutako lotura bera aurkitzea espero zuten, baina ikerketaren emaitzek ez zuten halakorik adierazi: "Ez genuen lotura esanguratsurik topatu arrisku-aisiarako aukeraren eta gazte-delinkuentziaren artean —azpimarratu du ikertzaileak—. Horrek aditzera ematen du eredu teorikoak ez direla unibertsalak. Ez dira eredu teoriko berriak garatu behar, baina daudenak egokitu egin behar dira testuinguru geografiko eta kultural bakoitzeko errealitateetara. Europako iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeek ohitura desberdinak dituzte, hala nola otorduen ordutegietan, aisialdi-jardueretan edo eskola-ordutegietan, eta, hortik abiatuta, ez da harritzekoa desberdintasunak aurkitzea ere gazteen delinkuentziari eragiten dioten egoera-aldagaietan".

Trinidaden ustez, egoera hori izanda, "beste aldagai batzuk bilatu behar dira, edo sakonago ikertu, gure inguruko gazteen arrisku-aisiaren ezaugarriak. Adibidez, kolektibo horretan, askoz hedatuagoa dago litroak egitea edo haiek alokatu eta kudeatzen dituzten lonja edo lokaletan biltzea tabernetan sartzea baino. Beste testuinguru geografiko batzuetan aipatzen ez diren aisialdi-toki horietan gertatzen dena hobeto ezagutu beharko genuke".

Gazte-delinkuentziaren eta arriskurik gabeko aisia

Ikerketan, halaber, aintzat hartu zituzten gazteek delituak egitea erraztu edo hartara bultza ditzaketen beste inguruabar batzuk ere, eta aztergai zituzten delituekin erlaziorik ote zuten analizatu zuten. Denetan, delituekin lotura handiena "arriskurik gabeko aisialdi-eskaintzak izan zuen, hau da, jatetxe, kafetegi, hotel eta horrelako instalazioen kopuruak". Azterketa makro mailan egin da, udal mailan, eta, ikertzaileak argitu duenez, "ezin da kausa-efektuaz hitz egin, hau da, halako lokalak egoteak berak ez du gazteen delinkuentzia areagotzen. Emaitza horrek aditzera ematen digu mota horretako instalazio gehien dituzten udalerriak metropolitarragoak direla, jendetza erakartzen dutela. Eta kontuan hartuta gazteen delitu gehienak lapurretak direla, zentzuzkoa izan daiteke leku horietan topatzea lapurretak egiteko aukera handiena".

Aztertutakoetatik, bada beste faktore bat gazteek egindako delituekin lotura agertu zuena: populazioaren tamaina. Aitzitik, ez zuten erlaziorik aurkitzerik izan delinkuentziaren eta guraso bakarreko familia-kopuruaren artean, ezta bizitoki ezegonkorra izatearen artean ere (udalerriko biztanleen bizileku-aldaketari dagokio, bai herrian bertan egindako aldaketak, bai beste udalerri batzuetara bai beste herri batzuetatik aztergai dagoenera egindakoak). Bi faktore horiek, ordea, lotuta agertu izan dira gazte-delinkuentziarekin beste testuinguru batzuetan.

Gazte-delinkuentziako adituaren iritziz, lortutako emaitzak "tokiko administrazioek erabiltzeko modukoak dira, delitu-prebalentzia handieneko eremuetan prebentzio-neurriak martxan jartzeko. Egoera- eta testuinguru-faktoreak ezagutzea lagungarria izan daiteke beti; azken batean, helburua da delitu-portaeraren etiologian sakontzea eta kasuistikaren azterketa integrala egitea, prebentzio-estrategia eraginkorrak eta ebidentzian oinarritutakoak diseinatzeko".