BILBO. Aurtengo ikasturtean, 2019-2020an, Euskadin Oinarrizko Lanbide Heziketan diharduten 4.724 ikasleetatik % 57ak, 1.922ek, HETEL ikastetxeetan ikasten dute. Ikasle guztien gehiengoak (3.399) itunpeko ikastetxeetan daude matrikulatuta, eta besteak (1.325) sare publikoan dihardute.

«Gai akademikoak, sozialak edo bestelakoak direla eta, berariazko premiak dituzten ikasleak dira», azaldu du Julen Elgetak, HETELeko (Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean Ikastetxeen Elkarteko) lehendakariak. Hala, 2019-2020 ikasturtean, HETELeko 25 ikastetxeetako Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen —15 eta 17 urte bitarteko adina dute— % 26k ez du lehenago DBH egin, % 24 ez dago eskolatuta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntzetan, % 13,1ek hezkuntza premia bereziak ditu eta % 11k gizarte zerbitzuen laguntza du.

Errealitate horren jakitun, HETELek eta bere ikastetxeek beren gain hartu dute kolektibo horri laguntzeko gizarte erantzukizuna. Horrez gain, kontuan hartu behar da HETELeko ikastetxeetan urtero Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasten duten 1.922 ikasleetatik % 32 (616 ikasle) migratzailea dela (517 mutil eta 99 neska). Horiek 40 herrialdetakoak dira.

Lan merkaturako sarbidea

HETELeko ikastetxeetan Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak amaitzen dituzten ikasleen % 72k Erdi Mailako Ziklo bat egiten du gero. Hori, Julen Elgetaren iritzian, «guztiz pozgarria da, agerian jartzen baitu Oinarrizko Lanbide Heziketak lan merkatuan lekua aurkitzen laguntzen diela haietako askori, batez ere migratzaileei. HETELen Oinarrizko Lanbide Heziketa egiten duten ikasle guztien % 32 etorkina da».

Julen Elgetaren hitzetan, «gogoeta egin behar dugu pertsona horiek Euskadiko produkzio sistemari egiten dioten ekarpenaz, kontuan hartuta denbora inbertitzen dutela euren prestakuntzan eta ahalegin handiak egiten dituztela gure gizartean txertatu eta balioa emateko». Izan ere, «Confebaskek behin baino gehiagotan esan du balio hori ezinbestekoa dela eta gure enpresak hori eskatzen ari direla, erdi mailako teknikari trebatuak falta baitira», gehitu du Elgetak.

Oinarrizko Lanbide Heziketaz kanpo, HETELeko Lanbide Heziketako ikastetxeetako gainerako mailetan ere presentzia nabarmena dute ikasle migratzaileek. Hala, Erdi Mailako Zikloetan guztien % 13 dira eta, Goi Mailako Zikloetan, % 7. Ikasten ari diren maila alde batera utzita, 10.527 ikasleetatik 1.444 (% 14) migratzaileak dira.

HETELeko ikastetxeetako Lanbide Heziketa osoa aintzat hartuta, ikasle horien jatorria askoz ere ugariagoa da oraindik: 75 herrialdetakoak dira, hain zuzen. Hona hemen ordezkaritzarik handiena duten herrialdeak: Maroko (457), Kolonbia (129), Bolivia (87), Paraguai, Errumania, Nikaragua, Venezuela, Brasil eta Senegal.