arabako Errioxan bezala mahats bilketa bukatu dute Nafarroa Beheran ere. Traktore eta langileen joan etorriak etengabeak izan dira azken egunetan Orreagako fraileek erdi aroan landatu zituzten mahastietan. Irulegiko ardoaren sormarka 250 hektarako eremuan hedatzen da, eta horietatik 150 daude Baigorrin 1952an sortu zen sotoaren esku. Urtean 650.000 boteila ekoizten dituzte, %60 beltzak, %25 gorriak eta %15 xuriak. Azken lau urteetan hiru milioi euroren inbertsioa egin dute Baigorrin dagoen sotoa osoki berritzeko, arnotzeko eremua eta baita sarreran dagoen saltokia.

Irulegi aldeko mahastien %18 ardo biologikoa ekoizteko erabiltzen dute eta laster %40 izanen da. Ekoizpen garestiagoa da baina mahastizainek gero eta gogo handiagoa dute sail horretan aritzeko eta kontsumitzaileen eskaera ere emendatzen ari da urtez urte. Arlo horretan buru belarri ari da lanean Elorri Reca izpurarra. Hogeita hamabi urteko baxenafarrak ikasketak Bordelen egin zituen sei urtez arno aditua izateko eta duela zenbait urte etxera itzuli zen Izpurara bizi berria emateko Arradoy mendiaren ondoan dagoen Bordaxuria familiaren etxeari. “2014ean hasi ginen arnotzen eta urtean 30.000 boteila ekoizten ditugu 9 hektarako eremutik ateratzen dugu mahatsarekin” dio Elorri Recak. Ekoizten duen mahatsa ez du gehiago Baigorriko kooperatibara eramaten etxean lantzea nahiago baitu.

Biologikoa Izpurako mendixketan dauden mahasti terrazek harridura sortzen dute ardozale ainitzen artean eremu leun edo zelaiak ikusten ohituta daude eta. “Gure-tzat normala zen nekazaritza konbentzionala uztea ardo biologikoa egiteko. Gure baitan ez genuen besterik ikusten egiazko mahastizainak garelako, mahastiak egiazki zaintzen ditugu” zehaztu du garaztarrak. “Lurra, aroa, gauza ainitzi so egiten dugu eta hobeki ulertzen dugu prozesu osoa onkailurik erabili gabe”. Bordaxurian prestatzen dituzten ardoek gero eta arrakasta haundiagoa dute zenbait jatetxe ospetsutan bereziki. Ekoizpenaren erdia Euskal Herrian saltzen dute beste erdia Frantzian banatzen dutelarik. “Aurten mahats ederra bildu dugu eta eguraldi eguzki-tsuak asko lagundu gaitu” pozten da Elorri. “Mahastizain askok adierazi digute ez dutela sekula mahats hain ederrik ikusi eta bildu!”. Irulegiko ardoek sari asko irabazi ohi dute gastronomia lehiaketetan, besteak beste Parisko nekazaritza azokan. Ekoizpen horrez gain, Ipar Euskal Herrian beste hiru sormarka daude: Ossau Irati gasna, Ezpeletako piperra eta Kintoa urdaiazpikoarena hain zuzen. Itsasuko gerezi ekoizleek urratsak egiten dituzte beren ekoizpenek ere aitortza bera lor dezaten. Azaroaren 8, 9 eta 10ean Lurrama azokaren hamalaugarren edizioa ospatuko dute Miarritzen eta bertan Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herriko lehen sektorearen ekoizpen hoberenak ikusi, dastatu eta erosi ahal izanen dira.