GASTEIZ. Hondakinak non eta nola botatzen diren arazo larri bat izan daiteke zenbat hiri de herrirentzat. Horregatik, Gasteizko Udalak herritarrak zaborra edukiontzi egokian botatzen dituztelaz ziurtatzeko, kanpaina bat jarri du martxan. Udaltzaingoak bigilatu egingo du hondakinak edukiontzien barruan botatzen dituztela eta bilketa pneumatikorako ahoetatik kanpo uzten ez dituztela. Ekintza honen helburu nagusia ahalik eta zikinkeria eta kirats gehien kaleetatik kentzea da, ingurumena zaintzen laguntzeaz gain.

Ingurumen Ataleko agenteak (kale-jantzian) arduratuko dira ikuskatzeaz, polizia patruilen laguntzarekin, udal ordenantzak betearazteko; horien arabera, hondakinak edukiontzien barruan utzi behar dira, eta debekatuta dago etxeko tresnak eta altzariak kalean uztea, horretarako ezarritako prozedura bete ezean, hau da, 21:00etatik aurrera eta aldez aurretik FCCri jakinarazita. Animaliei kalean jaten ematea ere debekatuta dago.

Udal araudiaren arabera, orobat, ostalaritza establezimenduetako terrazak higiene, garbitasun eta segurtasun egoera egokian eduki behar dira, eta horri ere erreparatuko diote udaltzainek.

“Hondakinak behar ez den lekuetan ez uztea zainduko dugu. Auzoz auzo egingo ditugu kontrolak, eta hiri osora zabalduko dira. Jokabide ezegoki horiek zuzendu nahi ditugu, osasungaitzak direlako, kaleak zikintzen dituztelako eta enbarazu handia sortzen dutelako”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Plangintza eta Kudeaketako Zerbitzuak ere hartuko du parte kanpainan, hura arduratzen baita zigor-dosierrak tramitatzeaz.