bilbo - “Euskararen aldeko politiken oinarria adostasuna izan behar da”. Urkulluren hitz hauek atzoko arratsaldean Euskararen Aholku Batzordeak Euskadiko Artxibo Historikoan egindako osoko bilera laburbiltzen du.

Batzordetik hurrengo gaiak jorratu ziren: Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Plan Estrategikoa, helduen euskalduntzea eta euskaltegien doakotasuna, Euskaraldiaren bigarren edizioa eta hiztunen aktibazioa, genero eta hizkuntza berdintasuna, eta ingurune digitalaren euskalduntzea. Zentzu honetan, Urkulluk Euskararen Aholku Batzordearen garrantzia azpimarratu zuen adostasunaren erroetatik: “Euskararen Aholku Batzordea eta Euskararen Legea urte berean sortu ziren, 1982an. Bi mugarri horiek oinarri sendo bat parteka-tzen dute: adostasuna. Adostasuna funtsezkoa izan da gauden tokira iristeko eta, uste dut, gehiagotan azpimarratu beharko genukeela adostasun hori landu zutenen meritua. Orain arte bezala, Euskararen Aholku Batzordea izango da adostasuna eta sostengua uztar-tzen eta zaintzen jarraitzeko foroa”.

Horrez gain, euskarak aurrez aurre dituen erronkak eta lan munduan aurrerako urratsak ematea ezinbestekoa dela gogoratu zuen lehendakariak: “Azken hamarkadetan ahalegin handia egin da belaunaldi berriak euskalduntzeko. Argi-ilunak gorabehera, gaur egun belaunaldi berriak dira euskara gehien ezagutzen dutenak eta gehien erabiltzen dutenak. Lorpen handia da. Badira urte batzuk belaunaldi horiek lan mundura heltzen ari direla. Orain, beraz, bidea eman behar diegu beren lan jarduera euskaraz egin ahal izan dezaten”. - Unai Gonzalez