BILBAO. Satsek, Euskadiko Erizaintza Sindikatuak, Euskadin udan izandako erizainen gabezia salatu du. Sindikatuaren ustez, herritarrek eta profesionalek Osakidetzaren aurreikuspen falta jasan dute. Egoera konpontzeko SATSEk neurriak exijitu dizkio Osakidetzari, hala nola erizainen plaza kopurua handitzea eta lan-baldintzak hobetzea.

“Erizainen kontratazioari dagokionez zailtasun handiak bizi izan dira aurtengo udan”. Sindikatutik azaldu dutenez, Euskal Osasun Zerbitzuak ezin izan ditu profesional askoren absentziak estali. “Kontrataziorako libre zeuden erizainen zerrendak ere agortu egin dira”, salatu dute.

Egoera hori konpontzeko neurriak exijitu dizkio SATSEk Osakidetzari, hala nola erizainen plaza kopurua handitzea eta lan-baldintzak hobetzea profesional-ihesa saihesteko.

Ondorioak

Erizainek laneko gainkarga handia pairatu dute, estres maila eta lan-istripuen arriskua areagotuz. “Gainera, eskaintzen den arretan eta pazienteen segurtasunean ondorioak eragin ditu horrek guztiak”.

Halaber, egoera horrek ondorengo kalteak eragin dizkie profesionalei: eskubideen galera baimenak eta lizentziak hartzeko ezintasunagatik; lanean ez zeuden langileen zereginak betetzeko beharra; ohiko lantokitik mugitzea, etab. “Pertsona horiek konpentsazio bat merezi dute, dagozkien denbora eta ordainsariekin”, azaldu du sindikatuak.

Herritarrek ere murrizketak pairatu dituzte eta, hortaz, hainbat zerbitzu galdu dituzte: kronikoen jarraipena, kontsulten itxiera, asistentziaren jarraikortasun eza edo haien osasun zentrora joateko ezintasuna.

Konponbideak

SATSEk borrokatzen jarraituko du aipatutako egoerak saihesteko, enplegua egonkortu eta behin-behinekotasuna murrizten dituzten neurrien alde. Zentzu horretan, sindikatuak Enpleguaren Aldeko Akordioa sinatu zuen Osakidetzarekin 2017an, Enplegu Publikoen Eskaintza berriak martxan jarri dituenak.

Era berean, SATSEk Herri Ekimen Legegile bat (HEL) sustatu du, erizain bakoitzeko gehienezko paziente kopurua legez mugatzeko. Horrela, lanpostu kopurua handitzea, gainkargak murriztea eta osasun-arreta hobetzea lortuko litzateke.