BILBO. Lumi taldea Mercat de Vic azokan izango da. Lumi taldeaz gain, beste hainbat euskal talde ere izango dira bertan: Sonakay, Joseba Irazoki eta Lagunak, Exnovios eta Iseo & Dodosound. Mercat de Música Viva de Vic azokaren 31. edizioa irailaren 18tik 21era izango da.

Lumi, Nahia Zubeldia eta Manu Matthys musikariek osatzen duten pop elektroniko bikotea da. Taldeak irailaren 19an, osteguna, eskainiko du kontzertua Vic-eko merkatuan, Atlàntida auditorioan. Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulegoak, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatutako emanaldi honen aurretik, aurrerago egingo den EH Sona Bartzelonako musika jaialdiaren kartela aurkeztuko da, ekitaldi berean.

Horrez gain, azokak iraungo dituen lau egunotan egongo da beste euskal talde batzuk ikusteko aukera ere; eta den-denak irailaren 20an, ostirala, izango dira. Flamenkoa euskaraz jorratzen duen Sonakay taldea izango da taularatzen lehena, arratsaldeko 19:15ean eskainiko baitu emanaldia Atlàntida auditorioan. Aurrekoen ikuskizunarekin apur bat gainjarriz, Joseba Irazoki musikari beratarrak bere taldearekin emango du kontzertua 20:00etan Carpa Vermellan. Egunari amaiera emateko, beste bi talde nafar arituko dira Vic-eko eszenatokiak astintzen: lehenik, Exnovios talde iruindarrak pop garajeroa eskainiko du Jazz Cava aretoan 20:45ean; eta, azkenik, Iseo & Dodosound bikoteak El Sucre gunea hankaz gora jarriko du 00:15ean euren dub eta reggae doinu dantzagarriekin.

Mercat de Música Viva de Vic, musikaren industriako sektore guztietako profesionalak biltzen dituen elkargunea da. Nazioarteko profesionalak eta artistak joaten dira bertara urtero irailean, proposamen berriak ezagutu, foroetan parte hartu, ezagutzak partekatu eta musika salerostera. Euskal Musika ere ordezkatua egongo da azokan, Basque Music izeneko postu batean, eta azken urteotan euskal musikak eman dituen proposamen interesgarrienak biltzen dituen katalogo bat egongo da eskuragarri.