DONOSTIA. Basque Culinary Centerrek BCC Innovationen parte den 'Culinary Action!' programa abiarazi du berriro. Ekintza honen helburu nagusia gastronomian eta euren sukaldaritzan teknologia berriak aplikatzera laguntzen dien startup bat aurkitzea da.

Ekimenak gastronomiaren arloko enpresa hasiberrien negozio-ereduak sendotu nahi ditu, proiektuen irmotasuna eta sendotasuna hobetuta eta ondorengo inbertsio-prozesurako prestatuta, hala, gastronomiaren sektoreko startupen ekintzailetza eta indartzea bultzatzeko eta elikadura-merkatuari balioa emateko. Interesdunek ideia bideragarri bat edo kontzeptu-proba balidatu bat izan behar dute, eta enpresa sortuta; hautagaitzak irailaren 30a baino lehen bidali behar dituzte. Hautatutako 5-8 proiektuek (urriaren 5ean emango dira ezagutzera) bi asteko prestakuntza-plan trinko bat gauzatu ahal izango dute urriaren 21etik 25era eta azaroaren 4tik 8ra, Basque Culinary Centerrek abian jarri duen berrikuntza irekirako laborategi gastronomikoan, alegia, LABe-Digital Gastronomy Lab gunean (Tabakalerako prisman, Donostian).

Bi aste horietan zehar, hautatutako startupek gastronomiaren sektorearen eta merkatu berrien joerei eta etorkizunari buruzko prestakuntza jasoko dute, Basque Culinary Centerreko sareko adituen, mentoreen eta inbertitzaileen eskutik. Horrez gain, beste hainbat kontzeptu landuko dituzte; besteak beste, logistika eta retaila, negozio digitalen ereduak, finantzaketa-sistemak eta alderdi legalak.

Basque Culinary Centerrek, gainera, gastronomiaren eta elikaduraren sektoreko estatu mailako eta nazioarteko kontaktuen sare bat eta ingurune bat eskainiko die startupei, bai eta Basque Culinary Centerreko mentore taldearen laguntza, ekintzaileen esperientziak, goi-mailako lantegi praktikoak eta inbertitzaile-sarearen bitartez finantzaketa bilatzeko laguntza ere.

Halaber, azelerazio-programak irauten duen bitartean, LABe-Digital Gastronomy Lab gunean dagoen elkarlanerako espazioa erabili ahalko dute. Eta, kontzeptu-probak testatzeko, aztertzeko eta balidatzeko, Living Lab horretan dauden gainerako instalazioak ere erabili ahalko dituzte.

Prestakuntza-prozesuaren ostean, hautatutako startupek Demo Day batean parte hartuko dute abenduaren 2an. Bertan, euren proiektua aurkeztuko diete sektoreko adituei eta inbertitzaileei. Ondoren, 2020ko lehen hiruhilekoan, ibilbide indibidual bat egingo da startup bakoitzarekin; ekintza pertsonalizatuak izango dituzte, BCC Innovationeko teknikariek eta chef ikertzaileek hauteman dituzten behar nagusien arabera.

Culinary Action! azeleratzaileak, 2014. urtean sortu zenetik, gastronomiaren arloko 55 startup bultzatu ditu, eta horietatik 37 oraindik aktibo daude merkatuan.

Programan izena emateko, informazioa emateko inprimaki bat osatu beharko da Culinary Action! ekimenaren webgunearen bitartez (http://www.culinaryaction.com/eu/aceleradora) edo posta elektronikoz (culinaryaction@bculinary.com).