DONOSTIA. San Petersburgon ospatutako Turismoaren Munduko Erakundearen 23. Batzar Nagusian, Donostiak bere turismo-eredu iraunkorra ospatu du. Eneko Goia alkateak burutu du ordezkarien taldea, zeina Donostiako Ekonomia Garapeneko eta Turismo Sostengagarriko zinegotzia, Ernesto Gascok, eta Donostia Turismoaren zuzendaria, Manu Narváezek osatu izan dute.

“Love San Sebastian. Live Donostia” proposamena finalista zen Turismoaren Munduko Erakundearen “Politika Publikoen eta Gobernantzaren Iraunkortasuna eta Berrikuntza” sarirako, Kolonbiako Turismo Ministerioarekin ? “Turismo y Paz” programa- eta Tenerifeko Turismoarekin ? “Carta por la sostenibilidad para el avistamiento de cetáceos”- batera, eta azkenean saritua izan da Nazio Batuen Turismoko erakunde gorenak antolatutako ekitaldian.

Alkateak, Eneko Goiak, bere burua zoriondu du sariagatik, eta haren ustez, “mundu osoan turismoaren alorreko agintaritza nagusiak emandako sariak aitortu, babestu eta sendotzen du Donostiak egindako apustua. Gure apustua horretan, mundu osoan hazten ari den jarduera bat, hau da, turismoa, gure hiriaren nortasun-ezaugarriak ez galtzeko premiarekin eta urte osoan hirian bizi direnak, donostiarrak, zaintzeko beharrarekin bateratzeko modua bilatzen saiatzen gara.

"LOVE SAN SEBASTIAN. LIVE DONOSTIA"

“Love San Sebastian. Live Donostia” proposamenak dei egiten dio bisitariari hiria maita dezan eta ahalik eta gehien bizi dezan. Proposamenaren enuntziatuak berak jolas egiten du kontzeptu horrekin: “Donostiara baldin bazatoz, gogoko duzulako, maite duzulako, bizi Donostia. Hau da, izan beste donostiar bat eta jokatu donostiarra bazina bezala. Era berean, proposamena hamar aholkutan antolatuta dago, eta bereziki nabarmentzen dute hiria herritarrak errespetatuz ezagutu eta gozatu behar dela:

1. ERRESPETATU AUZOKOEN ATSEDENA

Gauez ateratzen baldin bazara, gogoratu jende askok lan egingo duela hurrengo egunean, zuk goza dezazun.

2. EZAGUTU GURE KULTURA

Gure kultura gure ezaugarria da. Eta hura errespetatzeko modurik onena bertan barneratzea da. Ongi etorri!

3. ERABILI GARRAIO PUBLIKOA

Bizikleta, autobusa, trena... Azkarragoa, erosoagoa eta gutxiago kutsatzen du. Hobea zuretzat, hobea Donostiarentzat

4. BABESTU TOKIKO MERKATARITZA TXIKIA

Aprobetxatu zure egonaldia Donostian eta erosi tokiko saltokietan. Janaria, eskulangintzako produktuak, moda... baduzu zer akueratu!

5. LAGUNDU HIRIA GARBI MANTENTZEN

Utzi zaborrak xede horretarako prestatutako lekuetan. Horrela, hiria ederragoa egongo da.

6. SAIATU EUSKARAZ HITZ EGITEN

Saitau "Kaixo" eta "Agur" esaten. Erraz-erraza eta hezibide onekoa da.

7. GOZATU HONDARTZAK ETA PARKEAK

Leku publikoak gozatzeko eta esperientziak bizitzeko dira.

8. IZAN HIRIAREN PARTE

Ezagutu gaitzazu benetan, eta ezagutarazi gaitzazu. Eman zure esperientziaren berri.

9. IZAN BIZIKIDE ETA ZAINDU ZURE AUZOKOAK

Etxebeizitza bat hartu baduzu errentan, gogoan izan hirian bizi den jendearen bizikide izango zarela. Errespetatu haien espazioa, ingurunea eta atsedena.

10. PINTXOAK JATERA JOATEAN, EGIN DONOSTIARREK BEZALA

Zuk bezala, jende askok gozatu nahi du. Horretarako modurik onena donostiarrengandik ikastea da.