BILBO. Gatzagen ingurumen-ibilbidea jendearentzat zabaltzear dago. Bertako behatoki berritik Gatz Harana osoa ikusi ahal izango da, eta ibilbidearen ikuspunturik garrantzitsuenetarikoa bihurtu daiteke. Guztira kilometro bat eta hirurehun metroko luzera izango ditu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Añanako Gatz Harana Fundazioko lehendakari eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek gatzagen ingurumen-ibilbidea bisitatu zuten atzo

Bertatik, gatzaga-urak biltzeko sistemek eta esekitako lurruntze-larrainek osatutako paisaia bereziaren ikuspegi ezezagunak ikus daitezke. Horregatik, ibilbide ekologikoa amaituta, Arabako gune honen erakargarri turistikoa indartu eta osatuko da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 450.000 eurorekin finantzatutako proiektu hau, aurki, ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen euskal sarean sartuko da.

Ibilbidea larrainen artean ura banatzen duen gatz-iturburutik abiatzen da, ondoren, Muera ibaira jaisten da eta, hau gurutzatu ondoren, beste ertzetik jarraitzen du. Zati honetako zenbait tartetan, zurezko zutabeek eusten dituzten lurruntze-larrain berezien azpitik igarotzen da ibilbide hori. Orain arte zeudenekin alderatuta, ibilbide honek berrikuntza garrantzitsu bat dauka, Muera ibiaren ibilguaren albotik ibiltzeko aukera ematen baitu. Horri esker, haranaren historia bereziki erakusten duten jalkin geologiko diferenteak ikus daitezke; jalkin horiek ingurunea eta bere ingurumen-arloko ezaugarriak hobeto ulertzen laguntzen dute. Ibilbideak ?zenbait lekutan ia ibaiaren gainean esekia?, gainera, uraz oso hurbiletik gozatzeko aukera ematen du, bi aldeetan aldapa handiak dituen pasealeku itxi bati esker.

Ibilbideak bisitariarentzako interes handiko hainbat gune eskaintzen ditu: adibidez, berreskuratutako larrainen azpitik igarotzen den pasealekua eta jada aipatu den Las Altaseko behatokia. Bertatik, Gatz Haranaren panoramika osoa izango dugu, gatza eskuratzeko erabiltzen diren lurruntze-larrain bereziak barne.

Obrak egin diren bitartean, antzinako gatzaga-ibilbideak konpondu dira eta beste batzuk eraiki dira, pasabideak eta zubiak eginez. Gainera, egurrezko egiturak, hormak, putzu gatzunak eta gatza ekoizteko larrainak berreskuratu dira. Ingurumen-irizpide zorrotzak errespetatuz eraiki dira, material ekologikoak bakarrik erabiliz.

Arriola sailburuak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gatz Harana berreskuratzeko duen konpromisoa adierazi zuen, eta ibilbide berriak “natura eta giza ekintza uztartzen dituen paisaia berezi honen inguruan, bere ingurumen-, kultura- eta turismo-balioak indartuz, esperientzia osatuagoa eta erakargarriagoa edukitzea ahalbidetuko duela”azpimarratu du.

Arabako diputatu nagusi eta Gatz Harana Fundazioaren presidente Ramiro Gonzálezek, berriz, erakundearteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du eta gogorarazi du duela hilabete gutxi batzuk bukatu zituela Arabako Foru Aldundiak 16 larrainetako obrak, ikerketarako eta Gatz Haraneko biodibertsitatea zabaltzeko erabiltzeko. “Erakunde guztien artean lortzen ari gara Arabako interesgune turistiko garrantzitsuenetako bat den Gatz Harana ingurumenarekin lotzea”, esan du amaitzeko.