BILBO. EHUK munduko 500 unibertsitate onenen artean jarritzen du, Shanghaiko rankingaren arabera. Gainera, espezialitateen sailkapenean EHU munduko 200 unibertsitate onenen artean dago kokatuta. EHU orain dela zazpi urte sartu zen Shanghaiko rankingean.

Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Hamahiru dira soilik lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak.

“Shanghaiko rankinga oso ebaluazio zorrotza da; aztertzen duen sektoreak, goi mailako hezkuntzarenak, 20.000 erakunde baino gehiago biltzen ditu mundu osoan. UPV/EHUk dedikazio eta ilusio berberaz jarraitu du lanean, baina goi mailako hezkuntza eta ikerketaren munduko espazioa gero eta lehiakorragoa da. Jaitsiera apal horrek ezin du aldatu dagoeneko sendo eta handinahia den unibertsitate proiektu bat, eta akuilu bihurtu behar dugu azken urteetan lortu ditugun posizioak hobetzeko. Hala eta guztiz ere, munduko 500 unibertsitate onenen artean egote hutsa arrakastatsua da: ikusgarritasun handiagoa ematen du, eta ospe bikaina nazioartean. Hori dela eta, gure unibertsitateko kide guztiak zoriondu nahi ditut: unibertsitatea proiektu kolektibo bat da, eta haren lorpenak ere” adierazi du UPV/EHUko errektoreak, Nekane Balluerkak.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamahiru dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak. Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.

Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipaituak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak.

Espezialitateen araberako sailkapena

Espezialitateei dagokienez, Shangaiko rankingaren uztaileko entregan (espezialitateei buruzkoa), UPV/EHU hainbat diziplinatan nabarmendu da. Zehazki, munduko unibertsitateen 76-100eko tartean kokatu da, Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta gainera Estatuko lehenengoa da diziplina horretan. Nabarmendu dira ere, alde batetik, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta bestetik, Kimika, Zientzia eta Energiaren Ingeniaritzan eta Ingeniaritza Metalurgikoan diziplina horietan munduko unibertsitateen 101-150eko tartean kokatzen baita. Amaitzeko, Zientzian eta Materialen Energian eta Ozeanografian UPV/EHU munduko unibertsitateen 151-200eko tartean dago.

CWUR rankinga

Arabiar Emirerrietan kokatzen den Unibertsitateen Nazioarteko Zentroen rankinga (CWUR) uztailaren 31an argitaratu zuen bere unibertsitate onenen sailkapena. Horretan, Euskal Herriko Unibertsitatea 359 postuan kokatzen da. CWUR rankingak Shangháiko rankingak erabiltzen duen metodologia desberdina erabiltzen du eta 2.000 unibertsitate onenen sailkapen prelatua eskaintzen du. Nazioarteko ranking horretan UPV/EHU Estatuko unibertsitateen artean zazpigarrena da.