DONOSTIA. Eneko Goia Donostiako alkateak dei egin dio "gizarte osoari" datorren Aste Nagusia "lasaia, alaia eta parte-hartzailea izan dadin, eta inoren askasuna urratua izan ez dadin".

Alkateak gogoratu du errespetua funtsezkoa dela Aste Nagusiari begira, "errespetu gabe ez dagoelako bizikidetzarik". Hala, dei egin du hiritarren laguntzaz "Donostia sexu erasorik gabeko hiri librea izateko, guztiek izan dezaten festaz askatasunez gozatzeko aukera, nahi duten ekintza zein lekutan, bere askatasunaz arduratuta egon beharrik izan gabe".

Bestalde, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, “egun hauetan, alarma piztu eta denok haserre bizian jarri gaituzten gertaerak izan dira.. Aste honetan bertan, erabat gaitzesgarriak dira Bilbon edo Donostian izandako bortxaketak, eta horrelakorik ez gertatzeko ahalegin handiagoa egitera behartzen gaituzte, orain, jaiak hurbil daudela, jendetza handia etorriko delako edo alkohol kontsumoa igoko. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko jaiak nahi ditugu. Emakumeak festaz gozatu ahal izatea nahi dugu, inolako beldurrik gabe. Beharrezkoa den guztietan berretsi behar dugu BAIETZIK GABE, EZETZ dela”.

Aste Nagusiko aurreko egun hauetan, hainbat lekutan ?Donostia Turismoa, Erdialdeko eta Alde Zaharreko saltokiak, Lurraldebus, ostalaritza establezimenduak edo DV?, jai zapia, eraso sexisten aurkako leloa daramala: Baietzik gabe, EZetz da!”.

Gainera, Aste Nagusiko egun guztietan, kanpadenda bat egongo da Bulebarrean, Bretxa saltokiaren ondoan, eraso sexisten aurkako kanpainaren informazio gune modura. Egunero egongo da irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era. Lehen gauean, larunbatean, hilaren 10ean, eta Ande Mariaren Egunaren bezperan, kanpadendaren ordutegia goizeko 04:00ak arte luzatuko da.

Eraso sexisten aurkako kanpainaren leloa duen pankarta bat jarriko da Udaletxeko balkoietan, Bulebarrari begira. Era berean, eraso sexisten kasuan jarduteko protokoloak eman dizkiegu taxilariei, bai eta ostalaritzako establezimenduetan kanpainaren leloa duten eranskailuak eta ezpain zapiak banatu ere.

Aste Nagusia amaituta, une eta ekitaldi gehiago izango ditu kanpainak. Abuztuaren 24an eta 31n, Bretxan, informazio atoi bat egongo da, 18:00etatik 22:00etara. Euskal Jaietan, kaleko hezitzaileak izango dira, batera eta bestera, informazio materiala banatzen. Egiako Porrontxo jaietan, atoia irailaren 13an eta 14an izango da, Karmengo Andre Mariaren kalean, eta, Kutxa Kultur Festibala ospakizuna dela eta, esparruan bertan egongo dira hezitzaileak.