BILBO. Mahou San Miguelek eta Basque Culinary Centerrek hitzarmena sinatu dute. Hitzarmena 2023ra arte egongo da indarrean eta bere helburua euskal herrialdeko ostalaritza eta gastronomia garaikidea sustatzen jarraitzea da.

Ituna ekintza ugariren bidez egikarituko da. Horien artean nabarmentzekoak dira enplegatuei garagardoaren kultura irakasteko prestakuntza proiektu bat; ostalaritzako establezimenduetako digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta ekintzailetzaren sustapena; gastronomiaren alorreko esperientzia berritzaileen garapena edo eskolako ikasleek garagardogintza enpresan praktikak egiteko programa baten sorrera, besteak beste.

Era berean, Mahou San Miguelek espazio propio bat izango du LABe - Digital Gastronomy Lab Basque Culinary Centerren gastronomia eta digitalizazioko berrikuntza laborategi berrian, balio kate gastronomikoaren etorkizunaren diseinu aktiboan ekarpenak egiteko helburuarekin. Garagardo enpresaren asmoa da ostalaritzarako eta gastronomiarako konponbide berritzailea eta balio emaileak elkarrekin sortzea.

Peio Arbeloa Mahou San Miguelen Espainiako negozio unitateko zuzendari nagusiaren hitzetan, "Basque Culinary Centerreko patronatuko kide gisa hasi berria dugun etapa honek berriz ere erakusten du ostalaritza eta gastronomia sustatzeko daukagun konpromisoa, bi sektore horietan nazioarteko erreferentea baita gure herrialdea. Oso ilusionatuta gaude horien sustapenean lan egiten jarraituko dugulako hitzarmen honen bidez, eta, batik bat, Basque Culinary Centerren muntako erakunde batekin elkarlanean egingo dugulako".

Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak honako hau azaldu du: "Mahou San Miguel sektoreko funtsezko enpresa da, bai eta Basque Culinary Centerren aliatu estrategiko berria ere. Lankidetza hitzarmen honek eskaintzen dizkigun sinergiei esker, bi konpainiok ostalaritza eta gastronomia sustatu eta hazarazteko misioa bete ahal izango dugu. Zalantzarik gabe, aurrerapauso handia da bikaintasunaren aldeko gure konpromisoan eta berrikuntzaren aldeko etengabeko apustuan".

Modu horretan, garagardo enpresa zentro honen patronatuko kide izango da. Donostian du egoitza patronatuak, eta bertako kide dira prestigio handiko erakundeak, elikagaien eta edarien sektoreko enpresa liderrak eta erreferentziako chefak. Guztiak dira erakundea zuzentzen duen organoko kide, eta hainbat jarduera garatzen dituzte gastronomia sustatu eta indartzeko.