BILBO. 33.000 lepoko zapi banatuko dira hiriko denda eta saltokien bidez Donostiako Aste Nagusian. Ekintzaren helburua festak animatzea da.

Marisol Garmendia zinegotziak, Rafaela Romero Mugikortasuneko Foru Diputatuarekin eta San Sebastian Shops, Zaharrean, Centro Erdi, Diario Vasco eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko arduradunekin batera, nabarmendu du lepoko zapia “gero eta gehiago” ikusten dela festetan, eta “haren erabilera zabaldu nahi dugu Aste Nagusian ere bai. Gainera, aukera emango digu berriro ere eraso sexisten aurkako mezua zabaltzeko, aurten ere erabiliko baitugu emakumeen aurkako eraso eta indarkeria mota guztien kontrako arbuioa adierazteko, “Si no hay sí, es NO! ? Baietzik gabe, Ezetz da!” mezuaren bidez”.

33.000 zapi banatuko dira guztira donostiarren eta Aste Nagusiko bisitarien artean, erakunde hauen laguntzaz:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentua. Zehazki, abuztuaren 10 eta 11n, Lurraldebusek lepoko zapia banatuko du bere bidaiarien artean, Donostiako autobus geltokian.

Donostia Turismo. Boulervardeko bere bulegoan banatuko ditu lepokoak, ostiraletik aurrera -abuztuak 9-, izakinak agortu arte.

Centro Erdi eta Zaharrean merkatarien elkarteak. Beren denda eta saltokietan banatuko dituzte. San Sebastian Shops. Gipuzkoa Plazako bere bulegoan.

Diario Vasco. Doan banatuko du lepokoa abuztuaren 9an (ostirala) egunkaria erosiko duten herritarren artean.

Aurten bat egin du ere egitasmoarekin Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak. Bere bazkideen artean banatuko ditu lepoko zapiak, zerbitzariek jantz ditzaten eta bezeroei opari gisa emateko.

Lepoko zapia hiriaren bandera bezalakoa da: zuria eta punta urdinarekin. “Oso donostiarra eta festetarako aproposa”, Marisol Garmendia Gune Publikoetako zinegotziaren esanetan. “Kontua ez da inor behartzea lepoko zapia janztera, baina konbentzituta gaude festa girotzeko modu egokia dela, beste ospakizun batzuetarako ere bai, Aste Nagusiaz gain. Jendearen lepoan ikusi nahiko genuke, kanoikadatik hasi Aste Nagusiko azken eguneraino”, erantsi du Garmendiak.

Iaz bezala, Zurriolako zubiaren farolak zapi erraldoiekin apainduko dira, Aste Nagusia girotzeko.