gasteiz - Eusko Jaurlaritzak 200 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan (2019-2022) Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateetara (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) . Atzo goizean programa-kontratu berrien sinadura burutu zuten Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak.

Programa-kontratuek unibertsitateen funtzionamendu eta kudeaketa zein egituren hobekuntza bultzatu nahi dute. Horrekin batera, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen aurrerapenaren atzetik daude, eta horretarako, Uriarteren esanetan, “egitura- eta kudeaketa-aldaketak” burutu behar dira. Aldaketa horiek buru-tze aldera, 16 milioi euroko igoera dauka akordio honek aurrekoarekin alderatuta. 50 milioi euro inguru erabiliko dira urte bakoi-tzeko, eta banaketa hurrengoa izanen da: UPV/EHUk aurrekontuaren %70a jasoko du (139 milioi), Deustuko Unibertsitateak 33 milioi eta Mondragon Unibertsitateak 28 milioi.

Uriartek zehaztu zuenez, 2019-2022 Unibertsitate Sistemako Planak bost garapen ardatz izango ditu, “Euskal Unibertsitate Sistema sendotzeko eta bikaintasunaren alde egiteko”. Ardatz bakoitzak aldez aurretik hitzartutako zenbait ekintza biltzen ditu, eta ekintza horiek hiru euskal unibertsitateekin sinatutako dokumentuan jasotzen dira. Ikuspegi operatibo batetik, programa-kontratuak unibertsitateek eta Eusko Jaurlaritzak horietako bakoitzean egingo dituzten aurrekontu-planetan eta aurrekontu-ahaleginean garatuko diren jarduera guztiak jasotzen dituzte. Planteamendu horri jarraiki, 2019-2022 EUSPen indarraldirako hiru Programa-kontratu aurreikusten dira unibertsitate bakoitzerako: Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea, Bikaintasun-ikerketa eta Prestakuntza eta Nazioartekotzea. Honen harira, unibertsitate bakoitzak hiru Programa-kontratuei lotutako ekin-tzak burutuko ditu. Modu honetan, UPV/EHUk 1.304.900 euro izango ditu UPV/EHUren 2019-2024 Garapen Iraunkorraren 1. Agenda gara-tzeko, ingurumen-iraunkortasunaren unibertsitate-kudeaketan aurrera eginez. Deustuko Unibertsitateak, bestalde, 880.000 euro izango ditu unibertsitateko irakasleen eta enpresa-tutoreen zerbitzura dagoen prestakuntza duala ezartzeko, garatzeko eta sendotzeko. Eta Mondragonek 784.300 euro izango ditu berrikuntza eta transferentzia proiektuak garatzeko -Teknologikoak eta ez-teknologikoak- Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan ikerketa emaitzak baloratuz.