BILBO. Ekimen hauen helburu nagusia izango da hurbileko biztanleak alarma-sistema horretara ohitzea, hain zuzen, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan sor litezkeen ihes toxikodun istripuei begira. Araudi horrek substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larrien prebentzioa erregulatzen du.

Sirenek argi eta entzuteko moduan bi seinale-mota igorriko dituzte arrisku-gune osoan: bata ihes toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera iragartzeko. Alertari hasiera emateak berarekin ekarriko du, biztanleentzako lehentasunezko babes-neurri gisa, toki itxian konfinatuta geratzea.

Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plan bat dauka eta horretan ezartzen dira larrialdietan giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak eta antolamendua, betiere larrialdiak fabrikaren kanpoaldean eraginik badu. Halaber, plan horrek biztanleak ohartarazteko modua ere barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez, prentsan komunikatuak argitaratuz eta sare sozialen bidez.

Sirenen helburua abisu-sistema hori indartzea da eta, bestetik, alertaren berri berehala ematea; era horretan, eragindako biztanleek istripuetarako oinarrizko autobabes-aholkuak balia ditzaten.

Sirenak ezartzeko prozesua 2004an Lantaronen hasi zen eta 2005ean Muskizen eta Abanto eta Zierbenan jarraitu zuen. Pixkanakako hedapen horren hirugarren fasea 2006an Hernanin burutu zen eta sirenak instalatu ziren azken tokia Bilboko Portuaren eremua izan zen, zehazki 2009an.

Sirenen aktibazio simulatuaz gain, Aveq-Kimikak eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak komunikazio-kanpaina bat martxan jarri dute industria kimikoetatik gertu dauden biztanledun guneetan. Ekintza horien bidez lortu nahi da biztanleek industria-jarduera hori eta eragin ditzakeen arriskuak ezagutzea eta, bereziki, istripu bat gertatuz gero nola jokatu jakitea.