GASTEIZ - Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko lege aurreproiektuaren bigarren zirriborroak 400 ekarpen jaso ditu: gizarte zibilarenak 300 izan dira eta ehunen bat erakundeek egindakoak.

Zirriborroa atzo goizean izan zen mintzagai Lehendakaritzako egoitzan Emakume eta Gizonen Berdintasunerako sail arteko ba-tzordean. Hala ere, iragan astean aurkeztu zen zehazki, indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko II. akordioaren jarraipen batzordean. Atzoko aurkezpenaren ondoren, derrigorrezkoak diren txostenak jasotzen jarraituko du zirriborroak, hala nola, funtzio publikokoa, hizkuntza politikakoa eta administrazioaren modernizazioarekin zerikusia duten organoena.

Ekarpenak jasotzeko prozesuan hurrengoek partu hartu dute: genero eta berdintasun arloetako adituek, emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan ardura duen erakundeek, talde feministek, emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzio, antzemate eta arretan lan egiten duten profesionalek eta emakume biktimekin lan egiten duten erakunde zein entitateek. Horrez gain, hiritarrek zuzenean ekarpenak egiteko bideak zabaldu dira. Izan ere, aldaketa azaltzeko eta ekarpenak jasotzeko saio irekiak egin dira EAEko hiri hiriburuetan eta sei aurkezpen gaian inplikatutako batzorde eta taldeekin. Azkenik, Emakundeko Aholku batzordean dauden emakumeen elkarteei eta emakume biktimen elkarteei laguntza eskaini zaie euren ekarpenak egin ditzaten.

“Proposamen arauemaile honen bidez berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxista ezabatzeko politika eta herrialde ituna erraztu nahi da”, azaldu zuen Emakundek. Araudiaren testuinguru berriari dagokionez, legearen aldaketarekin euskal ordenamendu jurdiikoak bat egiten du Istanbuleko Hitzarmenarekin, hots, indarkeria matxistari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslearekin. Halaber, hitzarmen hori giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna da. Horrekin batera, emakumeen kontrako indarkeriari erantzuna emateko sail arteko talde berezi bat sortzea adostu zen. - Unai Gonzalez