Unai Gonzalez

bilbao - Kaltea txikia dela ikusita ere, haurdunaldian amek aire-polutzaileekiko izandako esposizioak haurrengan -mutilekoengan batez ere- eragina duela erakutsi du INMA proiektuak. Besteak beste, memorian, hizketan eta kognizio orokorrean atzeman dira kalteak.

Horretarako, INMA proiektuan sartuta dauden hiru eskualdetako datuak aztertu dituzte: Gipuzkoako Goierri, Valentzia eta Sabadell. Aurreneko azterketetan kutsatzaileek jaioberri eta 15 hilabeteko umeengan zuten inpaktua izan zuten aztergai. Oraingoan, haurrek 4-6 urte dituzten horretan, sortu aurretik aire horiekiko izan zuten esposizioak haien garapen kognitibo eta motorrean eraginik izan ote duen aztertu dute. Lehendabizikoan edoskitzeak haurrak bi partikula horiek eragindako estresetik babesten zituen horretan, azkenekoan ez da aurkitu jaioberritan izandako edoskitzeak inolako babesa ematen dienik 4-6 urteko umeei.

Baina zein dira bada aztertzen dituzten aire kutsatzaile horiek? Nitrogeno dioxidoa (NO2) eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikulak (PM2.5). Bi partikula hauek giza osasunaren hainbat alderdiri eragiten diote, hala nola sistema kardiobaskularrari edo arnas aparatuari, bai eta fetuen garapenari ere, oxidazio-estresa sorrarazten baitute eta partikula eta substantzia batzuk neurotoxikoak direlako.

“Estatu-mailako proiektu bat da INMA, jarraipen-azterketa bat. Emakume haurdunekin hasi ginen, haurdunaldian izan zuten aire-kutsatzaileekiko esposizioak haien garapen fisikoan zer eragin zuen aztertzeko. Eta ondoren hasi ginen haurdunaldiko esposizioak jaiotako umeen garapen fisikoan eta neuropsikologikoan zuen eraginaren jarraipena egiten. 13 urte daramagu horretan”, azaldu du INMA proiektuan murgilduta dagoen Aitana Lertxundik, hots, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Prebentzio eta Osasun Publikoa Saileko ikertzaileak.

Hasieran aipatu moduan, kutsa-tzaileek eragindako kaltea eskasa da, eta emaitzak ez dira estatistikoki oso esanguratsuak. “Dena den, emaitzak sexuaren arabera banatu genituenean, konturatu ginen kutsatzaileek eragin handiagoa zutela mutilengan, eta zenbait alderditan eragina estatistikoki esanguratsua ere bazela, hala nola memorian eta hizketan”, adierazi du Lertxundik.

Mutilek substantzia neurotoxikoekiko duten sentikortasun handiago hori dela eta, kasua sakonago aztertu beharko litzatekeelakoan dago INMA.

INMAren bidea 2006. urtean sortu zenetik 13 urte daramatza funtzionatzen INMA Proiektuak. INMA, Espainiako talde ikerlari batzuen sarea da. eta euren webgunearen arabera, “ikerlariok jakin nahi zuten, besteak beste, airean, uretan eta elikagaietan zeuden kutsa-tzaileek nola eragiten zieten umekiari, jaioberriari eta, azkenik, umearen hazkuntzari nahiz garapenari. Eta, xede hori buruan zutela, INMA proiektua sortu zuten”.

Hori ezagutarazi nahi duen horretan, azken urteotan gaixotasunen kopurua handitu egin dela zirtatzen du INMAk, eta horrek umeen garapen fisiko, sozial eta intelektualak galarazi egiten ditu.

Azkenean, umearentzat ezinbestekoa da substantzia kustagarrietatik urrun egotea eta osasuna zaintzea, bestela helduaroan arazoak izanen ditu.