DONOSTIA - Hori bai, fitxa horiek nola aurki daitezke Izendegian? Toponimo baten bilaketa egiterako orduan, Izendegi Geografikoak toponimo horren inguruko informazio ani-tza eskaintzen du. Informazio-erregistro dinamikoa den horretan, kartografia ofizialean erabili beharreko izendapen ofizialak geografikoki erreferentziatuta jasotzen ditu GeoEuskadi erremintari esker. Izendegi Geografikoan jasotzen den toponimiak Noménclator Geográfico Nacional-era joko du, eta izen horiek, nazioartean ageriko dira.

Atzo goizean Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan aurkeztu zen aipatutako tresna, urteak eta urteak honen prestaketan igaro ostean. “Eusko Jaurlaritzak 2010ean ekin zion bere toponimiako datu-baseko datuak prestatzeari, Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraituz”, azaldu zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Izendegi-etsenpluak ezinbesteko datuak galdatzen ditu, besteak beste, izen ofizialak (administrazioak ofizialdutakoak), lehenetsiak (Euskaltzaindiak proposatutakoak), aldaerak (ahozkoak, dokumentutakoak, kartografikoak), alonimoak (leku bat izendatzeko desberdinak). Desagertutako lekuen izenak ere badaude, orotara datu basean 1.500.000 toponimora helduz.

Horiekin batera, leku izenei izana atxikitzea bilatzen da bi elementuren bitartez. Lehena, dokumentazio historikoa: toponimoei lotutako ikerketen gaineko informazio iturriak jasotzen dira fitxetan. Horietako hainbatetan, toponimoak ahoskatzeko moduaren inguruko aholkuak aurki daitezke, idatziz zein audioz. Eta bigarrena, geolokalizazioa: toponimoak geografikoki lokalizatuta agertzen dira, GeoEuskadirekin burututako lankidetzari esker. Toponimo ezberdinak garai ezberdinetako mapetan ikus daitezke bai eta ezaugarri ezberdinetako kartografietan ere.

“Hori dela eta, 2015etik Ingurumen eta Lurralde Antolamendua Sailarekin elkarlanean ari gara, eta lan guztiaren emaitza gaurtik aurrera herritar guztien eskura dago”, gehitu zuen Zupiriak.

Izendegia Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzak 1986tik aurrera osatutako datu-basearen gainean dago eraikita.

Dagoen horretan informazio asko eskaintzeko gaitasuna badu ere, etengabe osatzen eta aberasten joango den tresna bat dela nabarmendu zuen Estibaliz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak: “Momentu honetan egindako kontsulten deskargak egin daitezke, eta aplikazioa hobetzen eta funtzionalitate berriak gehitzen jarraituko dugu. Izendegia zuzendu, osatu eta eguneratuko da udalekin batera”. Alabaina, nola joango da osatzen “momentu honetan” aurki daitekeen hori? “Azken urteotan udaletatik etorritako datu asko eta asko Izendegian kargatu behar ditugu, eta lan hori apurka-apurka joango gara egiten”, argitu zuen Alkortak.

Izendegi geografikoan, aipatutako mekanismoaz gain, “oharrak eta iradokizunak” egiteko atal bat aurki daiteke. Honi esker, herritarrek toponimiaren inguruko zalantzak, oharrak eta iradokizunak helaraz ditzakete. Toponimiarena gai “konplexua” eta batzuetan zalantzak herritarrengan sor di-tzakeela dela aintzatetsi zuen Zupiriak berak.

Etorkizunera begira, udal eta foru-aldundi guztiei EAEko Izendegi Geografikoa eguneratzeko aukera eskainiko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Toponimia-lanerako metodologia planaren barruan.