Lekeitioko Ibilaldia prestatzeko egindako inbertsioa estaltzeko laguntza ekonomikoa eskatu dute antolatzaileek

Bere ekarpena egin nahi duenarentzako kontu  korronteak jarri dira eskuragarri

09.02.2020 | 03:38
Ibilaldia 2019.

Bere ekarpena egin nahi duenarentzako kontu  korronteak jarri dira eskuragarri

BILBO. Ibilaldi eguna prestatzeko egindako inbertsioa estaltzeko laguntza  ekonomikoa behar duela jakinarazi dute astelehen honetan Lekeitioko  Azkue ikastolako arduradunek. Izan ere, eguraldiak Ibilaldi eguna  zapuztu zuen igandean, eta sekula Ibilaldi egun batean jasotako  minimo historikoa biltzea baino ez zuen lortu Lekeitioko ikastolak.  Egoera ikusita, antolatzaileek eguneko gastuei aurre egin eta zorra  estaltzeko elkartasuna eskatu dute.

Horrela, bere ekarpena egin nahi duenarentzako hurrengo kontu  korronteak jarri ditu eskuragarri Azkue ikastolak: Laboral Kutxa ES83  3035 0042 92 0420028507 eta Kutxabank ES86 2095 0114 60 9117934827.

"Balantze zehatzik ez da egin oraindik eta ikastolak ezin du datu  zehatzik eman, baina Ibilaldi egunerako inbertsioa estaltzea dauka  helburu, jaiaren ondorenak zorrik behintzat laga ez dezan", adierazi  dute prentsa ohar batean.

Hala ere, denak ez direla albiste txarrak nabarmendu dute, Euskal  Herriko txoko ezberdinetatik iristen ari den elkartasuna handia  izaten ari baita. "Atzo kontu korronteak zabaldu genituen momentutik  ekarpenak iristen ari dira. Ezin genezake hitzekin eskertu Euskal  Herritik jasotzen ari garen elkartasuna, baina oraindik ere gehiago  behar dugu", azaldu du Ibon Goitia ikastolako zuzendariak.

Halaber, egunean bertan ere, musika talde askok egoera ikusita  kontzertuak debalde eskaini zituzten, eta antolatzaileek hori ere  eskertu dute.

Bukatzeko, Azkue ikastolak eskerrak eman dizkie egunez egun lanean  aritu diren herritar guztiei, horrelako jai bat antolatzeak esfortzu  handia dakarrelako eta auzolanik barik ezinezkoa litzatekelako".  Lanean aritu direnak aparte, ikastolaren proiektuari sostengua  ematera era batera edo bestera gerturatutakoak ere eskertu nahi izan  dituzte antolatzaileek.