senpere - Atzoko jai jendetsuaren ondotik indarberrituta egongo zarete.

-Dirua biltzeaz gain herri erantzuna eman diogu Frantziako gobernuari euskarazko irakaskuntza gero eta gehiago erasotzen duelako. Azken hamarkadetako gobernu txarrena daukagu. Hizkuntz gutxituen alde direla diote baina ekintzetan begi bistakoa da aurka ari direla. Behar ditugun lanpostu berriak ez dizkigute eman nahi eta oztopatzen dute murgiltze ereduaren sortzea eta garapena ikastetxe publikoetan. Iparraldeko elkargoaren presidenteari eskatu diogu bilera egitea Frantziako errepublikaren buruaren hurbilekoekin egoera desblokeatzeko.

Zenbat lanpostu behar dituzue?

-Gero eta ikasle gehiago hartzen dugunez, 30 irakasle berri behar ditugu baina oraingoz bost besterik ez dizkigute ematen. Horrela ezin da lan egin baldintza duinetan. Ezin digute eskatu murgiltze irakaskuntza bermatzea baliabiderik eman gabe. Ume uholdea datorkigu ikastolak biziki erakargarriak direlako.

Iparraldeko diputatuek laguntzen al zaituzte?

-Mahai baten inguruan lortzen ez dena borrokatuz erdiesteko prest gara eta jadanik manifestaldiak egin ditugu. Euskararen Erakunde Publikoa, Pirineo Atlantikoen Departamenduko Kontseiluak eta Akitaniak sostengatzen gaituzte baina Paristik mespretxua besterik ez dugu jasotzen. Euskara suntsitzeko politika daramate. Hautetsiek lekukoa hartu behar dute ezin dugulako dena gure gain hartu, eraikinak eta irakasleak. Azterketak euskaraz egin ahal izateko atzeraka goaz.

Aspaldiko partez loturarik ez duzue Hezkuntza Sailarekin?

-Hitzarmenik ez dugu oraindik ezin izan baitugu eguneratu. Adostasunera iristear gaude baina baliabideak eman beharko dituzte bestela ez dauka zentzurik. Iaz arte hitzarmen bat geneukan baina Parisek ez zuen errespetatzen.

Ikastolen garapena, ordea, etengabekoa da...

-Lehen aldiz lau mila ikasle baino gehiago izango ditugu, %10, eta baliteke kopuru hori bikoiztea datozen urteetan. Kolegioetan mila ikasle baino gehiago dauzkagu eta lizeoan 400. Erdigunean gaude eta horrek beldurra sorzten dio Parisi. Lehen bazterrean ginen, orain ez. Euskara biziberritzea ez zaie gustatzen.

Bigarren hezkuntza ere gora al doa?

-Duela bi urte Estitxu izena duen laugarren ikastetxea zabaldu genuen Baionan baina laster betea izanen da. Handitu eta hobetu behar dugu eta beste bat eraiki beharko da Senpere eta Hendaia artean Ziburukoa gainditua baita.

Euskarazko lanbide heziketaren bilakaera ere aipagarria da...

-Merkataritza eta sozial arloa zabaldu ditugu bost eta sei ikasleekin baina indartzen ari da. Orain sail berriak ireki nahi ditugu, hedabideena adibidez. Langile euskaldunak formatzea ezinbestekoa da euskarak tokia izan dezan sail guztietan.

Unibertsitatera doazenek frantsesera jo behar dute ordea...

-Ate berriak zabaltzen ari dira harreman estuak ditugulako Euskal Herriko Unibertsitatea eta hegoaldeko lanbide heziketarekin. Eskaintza handia da hegoaldean beraz zailtasun administratiboak gainditu behar ditugu gure ikasleak Bilbo, Donostia edo Gasteizera joan daitezen Bordele edo Pauera joaten diren bezala.

Badira 50 urte ikastolak sortu zirela. Nola ikusten duzu boteila erdi hutsa ala erdi betea?

-Mende erdian D eredua eskaintzen bakarrak izan gara eta orain ikastegi publiko eta pribatuek ere eman nahi dute. Lehen deabrutzat hartzen gintuzten eta orain eredu bilakatu gara.