BILBO. Juan Ignacio Perez Iglesiasek, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jasoko du. "Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz", esan du epaimahaiak.

Juan Ignacio Perez Iglesiasen ibilbide profesionala EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle fisiologiaren arloan, eta, 1999az geroztik, katedraduna da. 1998 eta 2009 bitartean hainbat kargu garrantzitsu izan zituen EHUn, eta, esaterako, 2004tik 2008ra errektorea izan zen. Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea.

Halaber, Jakiunde elkarteko Jakin-mina programaren koordinatzaile eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria izanik, ezagutzak ugaritzeko eta zabaltzeko bideratu ditu ekintzak. Berak egindako lanari esker, aipatutako katedrak Espainia mailan arlo horretan dagoen saririk garrantzitsuena eskuratu zuen 2014an: dibulgazio zientifikoa aintzatesten duen Prismas saria.

Azkenik, komunikabideetan egindako lana aipatu du epaimahaiak, hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan, bai eta baliabide digitaletan egindako ekarpena ere, bere espezializazio arloan sakondu eta ezagutzen dibulgazio sozial zientifikoa bultzatu baitu.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 1995ean abiatu zuten Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak, alor horietan jardueran dauden pertsona ospetsuen bikaintasuna nabarmentzeko, bere obra osoaren bidez Euskal Herriko kultur garapenari modu eraginkorrean laguntzen dioten curriculum nabarmenenak saritzeko asmoz.

GAZTE SARIA

Bestalde, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariaren 25. edizioa denez, Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien alorretan curriculum nabarmenaren saria emateaz gain, gazteek egindako proiektu onena ere saritu da. Horrela, Aizpea de Atxaren "InpostuRA" performance proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria. 35 urtetik beherako gazte banakoen edo taldeen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 euroko ordainsaria banatuko dio proiektu irabazleari, 2019-2020 epealdian gauzatzeko.

"Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA", azaldu du du De Atxak.

Epaimahaiaren aburuz, proposamen irabazleak "geure buruari sarritan egiten diogun 'nor naiz?' galderaren inguruko hausnarketa modu dinamiko, interaktibo eta berritzaile batean planteatzen du".

Aizpea de Atxak 21 urte ditu eta Arte graduko hirugarren mailako ikaslea da. 2018an Nafarroako Arte Gazte Topaketetan bigarren saria eskuratu zuen "Gorputzak"· lanarekin, eta urtebete lehenago aukeratua izan zen horietan ere.