BILBO. Trafikoren Neguko Bidezaintza Plana zortzi aldiz aktibatu da urritik apirilera arte. Soilik bi aldiz aktibatu zen fase operatiboan, elur-maila 700 metrotik behera jaitsi egin baitzen.

2017/18ko neguan 10 aldiz aktibatu zen fase operatiboa, 2016/17ko neguan 6 aldiz eta 2015/16ko neguan 8 aldiz; azken ekitaldiotako aktibazioen zifrarik baxuena, beraz, 2018/19ko negukoa da, bi aldiz aktibatu baita. Aktibazioen kopuru osoa ere txikia izan da aurreko neguetakoekin alderatuta: 8 aktibazio; aurreko neguan, 2017/18an, 17 eta 2015/16ko neguan 11. 2016/17ko neguan guztira zortzi aldiz aktibatu zen plana, eta azpimarratu behar da horietako 6tan (hau da, aktibazio guztien %75etan) aktibatu zela fase operatiboa.

Lehenengo aldiz elurra urriaren 27tik 29ra egin zuen: artikotik iritsitako aire-masa hotz baten ondorioz 600 metrora jaitsi zen elur-maila. Tenperaturak urte-sasoi horretan ohikoak direnak baino baxuagoak izan ziren, eta minimoak 5 ºC-koak izan ziren kostaldean eta 0 ºC-koak barnealdean. Kantauri-isurialdean prezipitazioak moderatuak izan ziren eta txingor-ekaitzak sortu ziren. Planaren fase operatiboa igande gauean, hilaren 28an, aktibatu zen. Astelehenean, 29 goizean, denbora batez itxita egon ziren elurraren ondorioz eta ibilgailu guztientzat Arabako Kurtzetako eta Opakuako mendateak eta Gipuzkoako Udana eta Urraki. Era berean, kateak edo neguko pneumatikoak zituzten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izan zuten asteleheneko lehenbiziko orduetan Arabako Orduña, Herrera eta Añanako portuetatik. Segurtasun Sailak aholkatu zuen kontu handiz zirkulatzeko 800 metrotik gorako errepideetan, zuhaitzek oraindik hostoa galdu gabe zutenez, eta oraindik geldialdi begetatiboan ez zeudenez, elurraren pisuarekin adarrak hausteko arriskua handia baitzen.

Bigarren aldiz elurra 2019ko urtarrilaren 9tik 10era egin zuen, elur-maila 300-400 metroan kokatu zen, tenperatura minimoak 2 ºC-koak eta maximoak 8 ºC-koak izan ziren kostaldean eta 4 ºC-koak eta 7 ºC-koak, hurrenez hurren, barnealdean, nahiz eta prezipitazioak eskasak eta han-hemenka sakabanatuak izan ziren. Elurrak 4 mendatetako zirkulazioan izan zuen eragina: Arabako Herrera, Opakua eta Azazeta mendateetan eta Bizkaiko Urkiolan. Adierazitako 4 mendateetako horietako bakarrean, Arabako Herreran, behar izan ziren kateak edo neguko pneumatikoak bertatik zirkulatzeko; gainerakoetan kontuz baina zirkulatu zitekeen.

Hirugarren aldiz elurra 2019ko urtarrilaren 20tik 24ra egin zuen, elur-maila 700-900 metroan kokatu zen eta prezipitazioak iraunkorrak izan ziren Kantauri isurialdean; 23an eta 24an 80 litro/m2-ko prezipitazioak erregistratu ziren 24 orduan. Egun horietan, prezipitazio iraunkorrengatik alerta laranja eta 800 metrotik gora elurragatik abisu horia aktibatzeaz gainera, alerta laranja aktibatu zen nabigaziorako eta kostako inpaktuagatik, eta abisu horia ageriko lekuetan haizeagatik (80 eta 100 km/h). N-634 errepidearen Zumaia eta Zarautz arteko zatia itxita egon zen asteazkeneko, hilaren 23ko, goizeko eta arratsaldeko itsasgoretan olatu-arriskuagatik. Arabako Opakua eta Herrera mendateetan eta Bizkaiko Orduñakoan kateak eta neguko pneumatikoak behar izan ziren zirkulatzeko, eta une batzuetan itxita geratu ziren. Segurtasun Sailak uholde-arriskuaren alerta-fasea aktibatu zuen Arabarako asteartean, hilaren 22an. Ur-putzuak sortu ziren, errekek gainezka egin zuten eta lur-jausiak gertatu ziren Euskadiko bigarren mailako errepide-sarean, batez ere Araban.

Laugarren aldiz elurra aurtengo urtarrilaren 27tik 28ra egin zuen, igandetik astelehenera, elur-maila 800 metroan kokatu zen, prezipitazioak eskasak izan ziren eta 90-100 Km/h-ko haize-boladak izan genituen. Elurrak Arabako Opakua, Herrera eta Azazeta mendateetan bakarrik izan zuen eragina, baina kontuz zirkulatzeko moduan egon ziren.

Ondorengo egunetan, urtarrilaren 29an eta 30ean, bosgarren elur-aldian, elur-maila 700 metrora jaitsi zen eta “Gabriel” depresioak haize zakarra ekarri zuen; Euskadiko geografiako hainbat puntutan 120 km/h-ko haize-boladak izan genituen. Astearte gauean, hilaren 29an, txingor-zaparradak izan genituen kostaldean. Arabako Herrera, Bernedo, Azazeta, Altube eta Kurtzetako mendateetan kontu handiz zirkulatu behar izan zen asteazken goizean, hilaren 30ean, eta Opakuan, berriz, kateekin edo neguko pneumatikoekin bakarrik zirkulatu zitekeen.

Seigarren elur-aldia 2019ko otsailaren 1etik 4ra izan genuen, elur-maila 400-600 metrora jaitsi zien, eta prezipitazioak esanguratsuak izan ziren. Ostiralean, otsailaren 1ean, Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa krisi-mahaian elkartu behar izan zen Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Txurdinagan (Bilbo). Larunbatean, hilaren 2an, Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatu behar izan zen, eta Trafiko Zuzendaritzaren 3 garabi astun mugiarazi ziren prebentzio moduan (N-1 errepidean, Etzegaraten, A-15 errepidean, Leitzaranen, eta N-622 errepidean, Altuben), “guraizea” eginda errepidean gurutzatuta gera zitezkeen ibilgailu astunak erreskatatzeko. Egun berean uholde-arriskuaren alerta fasea ere aktibatu zen. Hainbat errepide (A-3302, A-3322 eta A-4302) itxita geratu ziren Araban hainbat errekak gainezka egin izanaren ondorioz. Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi zituen otsailaren 2ko eta 3ko eskola-kiroleko jarduerak elurrak errepideko joan-etorrietan eragin zezakeen arriskuagatik.

Otsaila nahiko hilabete epela izan zen, eta zazpigarren elur-aldia martxoaren 17tik 20ra bitartean izan genuen, elur-maila 900 metro inguruan kokatu zen, eta prezipitazioek, eskasak izan zirenez, ez zuten arazorik sortu zirkulazioan.

Azken aldiz elurra apirilaren 3an eta 4an egin zuen, eta elur-maila 700 metro ingurura jaitsi zen denbora-labur batez. Ez zuen zirkulazioan eragin esanguratsurik izan prezipitazioak eskasak izan zirenez.

Laburbilduta, negua “arina” izan da Euskadiko errepide-sarean elurrak edo izotzak zirkulazioan izandako eraginaren ikuspegitik. Alde horretatik, eta datu bat ematearren, azpimarra daiteke 2017/2018ko kanpainan Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa bost aldiz elkartu zela krisi-mahaian, eta aurtengo 2018/19 kanpainan, aldiz, behin bakarrik elkartu da.