BILBO. Bi pertsona zendu dira euskal errepideetan Aste Santu honetan. 472.000 joan-etorri izan dira, iaz baino %3 gehiago eta, guztira, 59 trafiko-istripu izan dira, Aste Santuko Operazio Bereziaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren Aste Santuko Operazio Berezian bi hildako izan dira; biak Araban. Apirilaren 17tik 22ra 472.000 joan-etorri egin dira, iaz garai berean baino %3 gehiago. Trafiko-dentsitatea handia izan da euskal errepide-sareko ohiko puntu kritikoetan: A-8an, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatuko mugan; eta A-1/AP-1 lotunean, Armiñonen. Guztira 59 trafiko-istripu izan dira, 2018an garai berean baino 1 gutxiago.

2 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan aurtengo Aste Santuan. Heriotza eragindako lehen istripua larunbatean, hilak 20, jazo zen, A-1ean, Vitoria-Gasteizen, Irungo noranzkoan. 41 urteko emakumezkoa zendu zen autoaren kontrola galdu eta errepidetik irtetean. Egun berean, eta arrazoi beragatik, 50 urteko gizonezkoa larri zauritu eta handik gutxira hil zen ospitalean zela A-624an, Zuian, izandako istripuaren eraginez. 2012tik Aste Santuan izandako lehen hildakoak dira. Urte hartan bi hildako izan ziren ?biak Araban?, eta 7 zauritu larri. Aurten, bi hildakoez gain, bi pertsona larri zauritu dira izandako 59 istripuetan (zaurituak izan dira 24etan; 35etan, berriz, ez). Iaz Aste Santuan 60 istripu izan ziren.

“Aste Santuan gertatutako istripuen kopuruak apur bat behera egin duen arren, Araban izandako istripuetan bi pertsona hil dira. Horregatik, Trafiko Zuzendaritzan lanean jarraitu behar dugu istripu-tasa are gehiago jaitsi dadin. Kontzientziazioa eta prebentzioa dira, trafikoaren kudeaketarekin batera, xede hori erdiesteko dauzkagun erreminta onenak”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko Zuzendariak. Era berean, azpimarratu egin du Ertzaintzako 200 agentek ibilgailuen joan-etorriak zaintzeko eta errazteko errepidean egindako lana.

A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean, Armiñonen, irteera operazioan, trafiko-dentsitatea handia izan zen asteazkenean, 16:00etatik 20:15era. Egun hartan, 16:40ean, 6 kilometrokoa izan zen auto-ilara. Ostegunean, berriz, zirkulazio handia izan zen 07:30etik 13:50era, eta, ondorioz, 6,5 kilometroko auto-ilara sortu zen 11:25 aldera. Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintza, Arabako Foru Aldundia eta Miñoiekin atondutako operatiboak, seinalizazio bidez gidariei La Puebla de Arganzon eta A-1/AP-1eko Armiñongo lotunearen artekoa N-1etik egitea gomendatzen, zirkulazioa arindu zuen.

Itzuleran, Trafiko Zuzendaritzak ohiko azpiegitura aktibatu zuen, A-1 errepideari erreia “lapurtu” eta hura AP-1etik batzen zaizkion ibilgailuei emanda. Era horretan, trafikoa arinago mugitu zen bertan.

Euskal errepide sarean Aste Santuan izaten den beste puntu kritikoetako batean, AP-8an, Biriatouko ordainlekuan, Frantziako noranzkoan, ibilgailu-dentsitate handiena asteazkenean izan zen, 16:20tik 20:15era. 12:00ak inguruan 10 kilometrokoa izan zen auto-ilara. Hurrengo goizean, Ostegun Santuarekin, zirkulazioa geldoa izan zen 09:00etatik 17:20ra. Auto-ilarak 10 kilometrokoak izan ziren gehienera, 2018an baino bi kilometro gehiagokoak.

A-8an, Bilbao eta Kantabriako mugaren artean, joan-etorriak txandakatuago egin zituzten eguraldia tarteko. Hala, asteazken arratsaldean ez zen trafiko dentsitate handirik izan. Ostegunean, berriz, 13 kilometrokoak izan ziren auto-ilarak, Kantabriako lurretan izandako istripua tarteko. Puntu honetan, ostegunean izan zen dentsitate handiena, 10:30etik 15:15era. Itzuleran, 6 kilometroko auto-ilara sortu zen Abanto Zierbena eta Kantabriako mugaren artean, 18:15etik 19:45era, auto bat matxuratu eta ondorioz errei bat itxi behar izan zutelako.