Bilbo - Liburu kanonikoak idatzi baino lehen idazleek zirriborratzen dituzten testuen garrantziaz hausnartuko da Euskaltzaindiak antolatu duen naziarteko literatura jardunaldian. Maiatzaren 16an eta 17an, akademiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak izeneko biltzarra antolatu da Parisko ITEM-en (Institut des textes et manuscrits modernes) laguntzarekin. Honetan, 26 hizlari jardungo dira -Bernardo Atxaga idazlea edota Joseba Lakarra euskaltzaina, besteak beste- itzalean geratzen den lanaz hitz egiteko Akademiak Bilbon duen egoitzan.

Aurelia Arkotxa euskaltzaina eta Euskaltzaindiaren Izkributan egitasmoaren koordinatzailearen esanetan, “idazlearen tailerrean gertatzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki, euskal eremuan agertzen direnei”. Era horretan, prozesua liburua argitaratzean amaitzen ez dela adierazi zuen atzo, baita liburutegiak idazlearen tailerraren luzapen bat direla. Bere hitzetan, “garaikidetasunean oinarrituz” egiten da azterketa hori guztia, baina “galdu gabe iraganean nola agertu diren testuartekoetasunak, eleaniztasunezko idazkiak eta beste”.

Jardunaldiaren koordinatzaileak adierazi zuenez, biltzarra sei saio ezberdinetan antolatuko da. Lehenengoa Sorkuntza eta eleaniztasuna literaturan: hurbiltze genetikoa izenekoa izango da. Honetan Bernardo Atxaga idazlea edota Olga Anokhina ITEM-eko ikerlaria arituko dira, besteak beste. Jarraian Itzulpena eta literatura espazio hispaniar garaikidean antolatu da, Mari Jose Olaziregi euskaltzainak moderatua. Eguna bukatzeko Euskara eta itzulpen literarioak eremu garaikidean saioa eskainiko da, Jean Casenave edota Elizabete Manterolaren parte-hartzearekin.

Hurrengo egunean Idazleen artxibo eta bibliotekak gaiarekin hasiko da jardunaldia, Valentziatik datorren Javier Lluch edo Toulouseko Françoise Pic ikerlariekin. Ondoren Hizkuntza batetik bestera geografia zaharretan saioaren txanda izango da: Hervè Le Bihan edota Katy Bernard ikerlari frantsesez gain, Gidor Bilbao edo Joseba Lakarra euskaltzainek ere hitz egingo dute. Azkenik, jardunaldia bukatzeko, Ikertzaile gazteen mahai-ingurua ospatuko da; Garazi Arrula, Aritz Galarraga, Alex Gurrutxaga eta Miren Ibarluzearen hitzaldiekin.

Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburua pozik agertu zen ekitaldi berriarekin, Euskaltzaindiak bere “betiko hariari eutsiz” merezi duen arreta eskaintzen diolako literaturari eta haren ingurumenari. “Mendeurreneko ekitaldietan badator literaturaren txanda, eta, jardunaldi honen nazioartekotasuna azpimarratu nahi nuke batez ere, euskarazko literaturak kanpoan duen presentzia gero eta handiagoa baita, alderantziz ere berdina ikusten dut itzulpengintzari esker”, azpimarratu zuen Urrutiak.

Azkenik, Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzaileak xehetasun teknikoak eskaini zituen: “Jardunaldia doakoa da, streaming bidez eskainiko da Akademiaren Youtube-ko atarian, aldi bereko itzulpena egongo da eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 13a bitarte”. Usarraldek argitu zuenez, mendeurrena ospatzeko bederatzi jardunaldi antolatu dira eta honakoa seigarrena da. Horrela, ekainetik aurrera onomastika, gramatika eta teknologia berriek euskararekin duten harremana izango dira hizpide.