BILBO. URAk ibilguen eta ibaiertzen leheneratze eta zaintzarako 991 ekintza egin zituen iaz 2.834.585,66€-ko inbertsioari esker. Ekintza gehienak 89 udalekin adostu ziren.

Egindako lanen artean: ezponden egonkortzea bioingeniaritza tekniken bitartez, presa txikiak eraistea espezieen igarotzea ahalbidetzeko, ibilgu oso artifizializatuak naturalizatzea, galeria-basoaren birlandatzea toki-espezieekin edo espezie inbaditzaileak kentzea. Halaber, ibaien sekzio hidraulikoa mantentzeko lanak egin dira, ibilguak duen husteko ahalmena murrizten duten oztopoak kenduz. Oztopo horiek ur maila puntualki igoarazten dute, eta bat datoz, orokorrean, ibilguak okupatu duen edozein azpiegitura, lur betetze edo ibaiaren eremua okupatzen duen beste edozein okupazio motarekin.

2018an zehar hiru lurralde historikoetan egindako 991 ekintza horien kostua 2.834.585,66 €-koa izan da: %32 espezie inbaditzaileen kontrol eta erauzketan, %26 bioingeniaritza tekniken bitartez egindako leheneratze lanetan, %14 erribera landarediaren landaketetan, eta, gainontzekoa, larrialdiko ezohiko jardueretan.

Egindako lanen plangintza, zati handi batean, agentziaren eta udalen artean adostu egin da ibilguen leheneratze eta zaintza lanak aurrera eramateko sinatutako hitzarmenen bitartez. Egun, dagoeneko 89 udalek sinatu dute EAE mailan udalerrietako ibaien egoera hobetzeko jarduerak koordinatu, planifikatu eta egikaritzeko akordio hori. Era berean, ekintzen beste zati bat Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako elkarlanerako protokoloaren barruan burutu da, helburu duena ibilguen zaintza eta igarobide zein zubien sekzio hidraulikoa mantentzea.

Lurraldeka sailkatuta, Mendebaldeko Kantauriar Arroetan (ia Bizkaia guztia eta Aiara barne hartzen duena) 368 ekintza burutu dira, 1.054.384,65€ kostuarekin eta 9,44 hektareako eremua leheneratu da. Azpimarratzekoak dira: Eako Bekoerrekaren estaldura kentzea eta solidoei eusteko azpiegitura eraikitzea; Trapagararen Fallopia japónica kontrolatzeko eta erauzteko lanak; edo 92 landaketak, horietako batzuk ikasleekin batera egindakoak hezkuntza eta kontzientziazio kanpainen barruan, adibidez Bilbon Ibaizabal ibaian egindakoa.

Ekialdeko Kantauriar Arroetan (Gipuzkoa gehiena barne) 2018an 398 ekintza burutu dira eta 8,49 hektarea leheneratu 1.096.228,10 € inbertsioarekin. Nabarmentzekoak dira: Errenterian Oiartzun ibaiaren leheneratzea.(ezpondak egonkortzeko proiektuarekin batera kanabera arrunta kendu da eta eremua birlandatu egin da bertako erribera espezieekin); garrantzitsua baita ere landaredia inbaditzailea erauzteko lanak, hain zuzen 185 ekintza egin dira arlo honetan, eta leheneratze lanen kostuaren %55 jaso dute. Espezie inbaditzaileak kentzeko lan horien artean aipatu beharrekoak dira platanondoak (Platanus hispanica) kentzea Hernani, Lazkao edota Zaldibian eta Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia kentzea Urumea eta Oria ibaietan.

Mediterraneoko arroetan (ia Araba guztia Aiara eta Aramaio izan ezik) 225 ekintza burutu dira eta 13,85 hektareako eremua leheneratu da, 683.972,89 €-ko inbertsioarekin. 2018an galeria-basoetan egindako birlandatzeez gain, aurrekontuaren %32 hartu dutenak, aipatu beharra dago bioingeniaritza teknikekin egindako narriatutako ezponden egonkortzeak (krainer horma eta beste teknika batzuen bitartez), eta, ondoren, ibaiertzetan egindako landaketak, adibidez Kanpezun, Gopegin, Arraia-Maeztun, Berantevillan edo Otxandion egindakoak

Landaketen artean, nabarmentzekoa dira: Pedroko urtegian egindakoa, Agurainen (1. Fasea) 4.426 landarez, edota Valvarriniga ibaia leheneratzeko proiektua (Lantziegon), mahastizainekin elkarlanean. Bertan, ahalmen hidraulikoa hobetzeaz gain, mahastien ondoko ertzak berreskuratu dira 2 zuhaitz lerroz osatutako galeria-baso txikiarekin, 570 metro lineal guztira. Halaber, apurtutako edo erabili gabe zeuden presen hondarrak kendu dira Bernedo, Leza, Samaniego edo Barrundian.