BILBO. Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutua, gogoratzen du Europako Osasun Txartela doakoa dela. Txartela Gizarte Segurantzaren webgunean lor daiteke, formulario bat bete ondoren.

Izan ere, Kontsumobidek jakinarazi duenez, tarjetasanitariaeuropeaonline.com web orria detektatu da, "Portal de Gestión e Información Rápida Online de la Tarjeta Sanitaria Europea (TSE) 2019" izenez aurkeztua, Europar Batasuneko webgune ofizialen antza handiegiarekin. Web orri horrek 59 euro kobratzen ditu kudeaketa tramiteengatik, baina informazio hori oso letra txikian idatzita ageri da orriaren oinean.

Paragrafo horretan tokiko administrazioek eskaera mota desberdinak eskaintzen dituztela adierazi ondoren, esaten da administrazio publikoan Europako Osasun Txartela lortzeko kudeaketarako, erabiltzaileak "beharrezko ezagutza" izan behar duela, bai eta "lekualdatzeko denbora librea" ere kudeaketa eskatzen den ordutegian egiteko eta tresna egokiak ere behar direla horretarako". Hala, gomendatzen dutena da webgune hori bezalako kudeatzaile profesionalengana jotzea, eta une horretan ematen da tarifen informazioa.

Horrela, Kontsumobidek ohartarazi duenez, webgunearen itxurak eraginda erabiltzaileak huts egin eta 59 euro ordaintzera behartuta ikusiko du bere burua, "benetan erraza eta doakoa den tramite batengatik". Hori dela eta, aurki Europatik bidaiatuko diren pertsonei gomendioa helarazi die erakundeak: Europako Osasun Txartela eskuratzea, erraztu egiten dituelako tramiteak, baita arreta medikua ere behar izango dutenean bidaian zehar. Azkenik, txartela lortzeko tramitea bide ofizial eta doakoetatik egitea gomendatu du.