BILBO. ABIAN azokak Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeak bilduko ditu. Izan ere, Martxoaren 27tik 29ra arte Eibarko Armeria Eskolako patinan ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa eskainiko da. Bertan , Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdinak bildu eta erakutsiko dira.

Ikastetxe partaideek ondorengoak dira: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

Debabarrenan 2013az geroztik egin da, bi urtetik behin, ABIAN Lanbide Heziketaren Azoka, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek elkarlanean antolatuta. Egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.

ABIAN azokak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailaren eta SD Eibar Fundazioaren laguntza ekonomikoa jaso du. Halaber, eskualdeko hamahiru enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.

Eskualdeko enpresa-sareak Debabarreneko Lanbide Heziketarekiko erakutsitako konpromisoa eta inplikazioak aukera ematen du ikasleen prestakuntza teoriko-praktikoa hobetzeko eta lan-errealitatera egokitzeko, eta horrela, pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Ildo horretatik, ABIAN azokaren laugarren edizioak horixe nahi du bereziki nabamendu, Lanbide Heziketak “lan-merkatuan sartzeko aukera oso onak” eskaintzen dituela.

Azokako xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu dira SD Eibarrek Ipuruan dituen instalazioetan egin den prentsaurrekoan. Bertan izan dira SD Eibar Fundazioko presidenteorde Mikel Larrañaga, Debabarreneko LHko ikastetxeetako ordezkariak eta Ermuko alkate eta Debegesako presidente Juan Carlos Abascal. Azken honek eskerrak eman dizkie, eskualdeko Udal guztien izenean, erakunde eta enpresa laguntzaileei. “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak eta lan-merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira LHko ikasleentzat” nabarmendu du. Heziketa ziklo “maskulinizatuetan” nesken parte-hartzea sustatzearen alde ere hitz egin du, espezialitate zientifiko-teknikoetan esaterako emakumeek oso presentzia txikia dute oraindik eta, aldiz, laneratze-maila altua duten ikasketak dira.

Gainera, Juan Carlos Abascalek hezkuntza arloan lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia ere adierazi du, eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialaren oinarri gisa. “Azokak bete-betean egiten du bat Basque Precision Technology District (BPTD) ekimenarekin; proiektu honek gure eskualdeko sektore industriala sendotzea du helburu, besteak beste, pertsonen kualifikazioa eta espezializazioa bultzatuz, Debabarreneko eskualdea erreferente bilaka dadin doitasun-teknologien eremuan. Era berean, eskualdeko Industria Lehiakortasunerako Planaren parte da ekimen hau.

Bestalde, Meka Lanbide Eskolako Ikasketa-buru Kontxi Aranak, “Lanbide Heziketaren onurak ezagutzera emateko ABIAN bezalako topaketen garrantzia” azpimarratu du; onura horien artean dira: lan merkatura egokitutako titulazio berrien etengabeko sorrera eta eguneraketa, LH ikasteko sarbide ezberdinak eta LHko titulazio eta unibertsitate graduen arteko zubiak, Lanbide Heziketa Duala, ikasleen prestakuntza prozesuan enpresak ere gehituz, edota ekintzailetzaren sustapena Ikasenpresa bezalako programei esker. Ikasenpresa programak Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza bultzatzea du helburu, ikasgeletan euren enpresa-proiektuak sortuz. Hain zuzen ere, Eibarren burutzen da urtero Ikasenpresa Azoka, Tknikak (LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatua) Eibarko Udalarekin batera antolatuta.

700 ikasle baino gehiago

Martxoaren 27tik 29ra, ABIAN azokara hurbiltzen direnek eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabala eta eskura dauden titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzak bere stand propioa izango du; eskaintzen diren espezialitate eta familia profesional ezberdinak zuzenean erakutsiko dituzte. Egun, Debabarrenean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean LH Duala, enplegagarritasun handikoa eta enpresek oso estimatua dutena. ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa eskuratzeko.

Hitzaldiak eta doako tailerrak

ABIAN azoka bisitatu nahi duten guztientzat sarrera irekia eta doakoa izango da. Ordutegiari dagokionean, 10:00etatik 14:30era zabalduko da, eta ostegunean arratsaldez ere irekita egongo da, 16:00etatik 18:30era. Erakusketa guneaz gainera, ABIAN azokak hitzaldiak eta doako tailerrak eskainiko ditu.

Asteazkenean, hilak 27, 11:00etan, irekiera ekitaldia egingo da. Besteak beste, bertan izango da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordea, Marcos Muro. Hitzaldien ostean, Debegesa garapen agentziak STEM arloko gaien eta lanbideen inguruko Debabarreneko gazteen pertzepzioaren gaineko ikerketaren emaitzak eta ondorioak aurkeztuko ditu. Debabarreneko 14-15 urteko 548 ikaslek parte hartu dute galdetegian. STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) bokazioen inguruko ikerketa Elhuyarrekin lankidetzan burutu da, analisian genero ikuspegia txertatuz.