Donostia - Emakumeak leman hi-tzaldi zikloaren baitan, Emakumeen euskara batua jardunaldia antolatu zuten ostiralean Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutoak eta DeustoForumek. Euskara batuan emakumeek zer leku izan duten eta gaur egun zer leku duten aztertzen aritu ziren Miren Azkarate (euskaltzaina, hizkuntzalaria), Itxaro Borda (idazlea), Arantxa Urretabizkaia (idazle eta kazetaria) eta Juan Luis Zabala (idazlea) moderatzaile lanetan. Jardunaldi berezia izan zen arrazoi ugarirengatik: alde batetik, aurten 50 urte bete dira Euskaltzain-diak euskararen eredu bateratua bultzatu zuenetik, hots, euskara batuaren jaiotza ofizialetik. Eta bestetik, Euskaraldia. Lehengo asteko ostiraletik hona egunero Euskaraldi hitzaren letra eta kontzeptu bana lantzen dihardu. Atzo “L” letra eta horri lotuta “lorpena” kontzeptua erabili zuten, ezin kontzeptu egokiagorik suertatu jardunaldirako.
Euskararekin harremanetan Arantxa Urretabizkaiak ikasketak erdaraz egin zituen baina etxean gipuzkera hitz egiten zuen. Gaztetatik Garoa eta Kresala irakurtzen alfa-betatu zen eta berehala konturatu zen “euskarari mende askotan gertatu zaion gauzarik hoberena euskararen batasuna izan dela”. Baturik gabe, “ez genuke unibertsitaterik, hedabiderik ez literaturarik, ez ezer”.
Itxaro Borda euskal baserritar familia batetik dator, gaztetatik euskaraz hitz egin du baina sei urtetatik hamabi urtera arte ez zuen eskolan hizkuntza erabili. Herriaren moduko astekariak eta Gabriel Arestiren idatziek influentzia handia izan dute Baionan jaiotako idazlearengan. “80. hamarkadak Zeruko Argian idazten harrapatu ninduen eta bertan euskara batua eta iparraldekoa batzen genituen collage modura”.
Miren Azkaratek euskara etxean ikasi zuen eta tokiko euskara egiten zuen, hau da, “familia guztia bergararra izanik Bergarako tokiko euskara hitz egiten genuen”. Horregatik, hasieratik normala izan zen berarentzat kalean euskara mota bat hitz egitea eta kanpoan beste bat. “Etxean Zeruko Argia irakurtzen zen eta hasieratik oso garbi izan nuen batuak gizartean sortzen zuen eztabaida”. Euskal Herriko herri eta hiri askotan badago euskara batua baztertzen duen jendea. Arrazoiak arrazoi, askok, identifikazio kontua dela esaten dute, “batuan ni ez naiz ni sentitzen” eta horrelakoak entzuten dira maiz. Badago joera bat batutik ihes egiteko. “Gogoratu beharko genuke Koldo Mitxelenak esandakoa, euskara batua irakaskuntzarako sortu zela eta hedabideetan eta literaturan erabiltzeko euskara bateratzaile bat behar zela”, gogorazi zuen Azkaratek. Hein handi batean, helburu hori lortu da baina argi izan behar da lagunekin hitz egiteko modua eta idaztekoa desberdinak direla.