BILBO. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, Elena Unzuetak, edateko ura hornitzeko azpiegituretan inbertsioak egiteak eragiten duen onura soziala nabarmendu du gaur, Etxebarriko ponpatze estazioa martxan jartzeko ekitaldian; izan ere, azpiegitura berri horri esker, Nerbioi - Ibaizabal ibaitik iritsitako ura bildu ahalko da, Bilbo Metropolitarra hornitzeko larrialdi egoeraren bat sortuz gero (lehortea edo Zadorrako urtegietatik lortutako hornidura aski ez bada) .

"Instalazio hauek ezohiko egoeretan herritarrei ura hornitzeko berme gehigarria osatzen dute. Gaur egungo testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da herritarrei ura hornitzeko bermea gure lehentasunen artean ezartzea eta, aldi berean, ura bezain baliabide urria babestea. Ponpatze estazio honek ezin hobeto laburbiltzen du arlo honetan inbertsioak egiteko gure ahaleginaren zergatia. Ahaleginak merezi duela ziurtatzen du, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin daukagun hitzarmenaren bitartez egindako inbertsioek lurraldean eta herritarrengan eragin positiboa daukatela egiaztatzeko adibide bat da" azaldu du Unzuetak.

Etxebarriko ponpatze estazioak 2.000 litro ur hartu ahalko ditu segundoko, eta hortik ura Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegira ponpatuko litzateke; han tratatu ondoren, berme guztiekin giza kontsumorako banatuko litzateke. Ponpatze estazioaren eta turbinaren obra 2015. urte hasieran hasi zen, eta 11,4 milioi euroko inbertsioa behar izan du; lurralde historikoan saneamendu eta hornidurako hainbat azpiegitura eraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sinatutako hitzarmenaren kargura finantzatuko da erabat.

Jarduketa estaziotik gertu kokatutako planta pilotu bat eraikitzearekin osatu da (kontratu independente baten bitartez); gutxienez hamabi hilabeteko epean tratamendu prozesu desberdinen entseguak egingo dira bertan, Beteluriko EUTn, Nerbioi-Ibaizabal ibaitik hartutako urari edateko urari lotutako zein teknologia aplikatu behar zaion zehazteko; hala, uneren batean baliabide hori banaketa sarera gehitzea beharrezkoa baldin bada, herritarrak hornitzeko erabiliko den urak araudi zorrotzena beteko du.