Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak gaur baieztatu du emakumeei hainbeste eragiten dien soldata-arrakala ez dagoela ordainsari gordinetan, ekoizpen-sektore jakin batzuetan emakume eta gizonen artean egiten den lan-banaketan baizik, eta, bereziki, eszedentzietan, baimenetan eta osagarrietan.

DenBBora Sarearen «Enpresak eta balioak: gizarte berria?» izeneko V. jardunaldiaren hasierako ekitaldian egin ditu Laespadak adierazpen hauek. Juan María Aburto Bilboko alkateak ere parte hartu du ekitaldi horretan.

Diputatuak azaldu duenez, begiratu nahi ez duenak ezin du ikusi eta ez du ikusi nahi, lanbide-karreretan dagoen banantzeaz eta tradizioz emakumeek egin izan dituzten lanei balio gutxiago emateaz gainera, soldata-arrakala horren zati garrantzitsu baten funtsa eszedentziak, baimenak eta osagarriak direla.

Esan duenez, ez du ezer berririk plazaratzen esaten badu emakume askoren lanbide-karrerek ez dutela aurrera egiten edo zapuztu egiten direla amatasunaren eta seme-alabak edo adinekoak zaindu behar izatearen ondorioz. Eta erantsi du argi dutela, berriro ere, kontziliazioak eta hura sustatzen duten neurriek duten garrantzia.

Laespada diputatuaren eta Aburto alkatearen hasierako ekitaldia eta gero, jardunaldiaren lehen ekintza Miren Edurne López Rubia EHUko Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa masterraren zuzendariren hitzaldi hau izan da: «Balio sozialak. Enpresa kudeaketaren prestakuntzaren ardatz?».

Jarraian, «Bizitzaren iraunkortasuna ekintzailetza proiektuetan» eztabaida egin da, Rosa Fernández eta Ricardo Anton Troyasekin (ColaBoraBora, Bilboko gizarte-ekimeneko kooperatiba). Solasaldia eta kafea hartzeko atsedenaldia egin ondoren, mahai-inguru bat izan da, sareko enpresekin, eta beren ingurunean duten eraginari buruzko datuak eman dituzte.SAREA

DenBBora Sarea Bilbo eta Bizkaiko entitateen erakunde bat da, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutakoa, denbora hobeto kudeatzeko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.

Bi erakundeak sartuta daude denboraren erabileren arloko gizarte-berrikuntzako prozesuetan, eta, sare honen bidez, proposatzen dute berrikuntza horretan konpromisoa hartu duten erakundeak aitortzea eta instituzioen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko ezagutzak eta esperientziak trukatzea, erabakiak hartzeko erakundearen, bezeroen, erakundeko langileen eta gizartearen onerako.