BILBO. Esteve Materra idazlearen "Doctrina Christiana" 1617an argitaratutako liburuaren edizioa kritikoa argitaratu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak batera. Honen aukezpena Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian egingo da, proiektuarekin zer ikusia izan duten hainbat pertsonekin batera, hala nola; EHUko Euskararen arloko zezendaria, Euskaltzaindiaren Iker sailburua, EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko ikasle eta ikertzaileak eta eta Aziti Bihia elkarteko kideak eta Nafarroako Uunibertsitate Publikoko Ekaitz Santaziliak. Edizio berria, EHUko Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek landu dute, eta Akademiak eta EHUk, argitaratu dute. Dorota Krajewska (EHU), Eneko Zuloaga (EHU), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Uunibertsitate Publikoa), Borja Ariztimuño (EHU), Oxel Uribe-Etxebarria (Budapesteko Unibertsitatea) eta Urtzi Reguero (EHU) filologoak dira edizioaren paratzaileak.

Aurkezpen ekitaldia Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusia izan da, eta Jesus Mari Makazaga EHUko Euskararen arloko zuzendariak, Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren Iker sailburuak, Dorota Krajewska EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko ikasle eta ikertzaileak eta Aziti Bihia elkarteko kideak eta Nafarroako Uunibertsitate Publikoko Ekaitz Santaziliak parte hartu dute.

Krajewskak duela hiru aurkitu zuen ordura arte galdutzat jotzen zen "Doctrina Christiana" liburuaren ale bat, Danimarkako Errege Bibliotekan. Hain zuzen ere, ale horren eta Oxforden gordetako bigarren argitalpenaren ale bakarraren (1623) edizio kritikoa eta azterketa prestatu berri dute Krajewskak berak eta Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko beste kide zenbaitek.

Esteve Materraren "Doctrina Christiana" lanak 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Lan horrek eman zion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan erabiliko zen euskalki literarioari. Halaber, lapurtera klasikoaren lehen lan hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetako bat ere bada, gutxi baitira Materrarena baino lehenagoko liburuak euskaraz.

Gainera, informazio baliagarria dakar lanak orduko euskal testuen irakurle motaz, Dorota Krajewskak azaldu duenez. "Lehen edizioa haurrek zuzenean erabiltzeko egina da, eta bigarrenak marinelak ditu helburu. Bazen garaiko Lapurdin euskaraz irakurtzen zekien komunitate bat", esan du.

ESTEVE MATERRA

Orain arte Materre abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarrari buruz hainbat ondorio erauzi ditu ikerketak. Horrela, ikerketa lanak erakutsi du uste izan dena baino garrantzitsuagoa izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere.

Lapurtera klasikoko egile nagusien (Axular, Etxeberri Ziburukoa) itzalpean geratu izan da Materra, baina orain ondorioztatutakoek bestelako ikuspegia dakarte egileaz eta haren lanaz. "Materra ez bide zen nolanahiko idazlea, bestela, zertarako eskatu euskalduna ez zen kanpotar bati dotrina euskarara bihurtzea, hemen Axular bezalako autoreak izanda?", argitu du Krajewskak.

Izan ere, erdaraz argitaratu zituen lanek erakusten dute egileak pisua izan zuela kontrarreforma hedatzeko lanetan. Hain zuzen, horregatik bidali bide zuten garai hartan eta Inkisizioaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz.

Liburua idazteko, hamar hilabetean ikasi omen zuen euskaraz. Ikerketak gai horren inguruko zalantzak agertu baditu ere, behin baino gehiagotan utzi du agerian Materraren hizkera ez dela bere euskal idazle garaikideek erabilitako berbera; alegia, ondoko lapurtar idazleek zenbait ezaugarritan bederen bestelako hautuak egin zituztela.

Bestalde, Makazagak azaldu duenez, EHUko ASJU bilduma lehendabizikoz argitaratu zenetik, hau da, Nicolao Landucciren "Dictionarium Linguae Cantabricae" lanaren ediziotik, hizkuntzalaritza sinkronikoaren, dialektologiaren, euskararen historiaren eta haren literaturaren eta filologiaren inguruan, "goi mailako ikerketa monografiak argitaratu dira".

Horrela, Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoak goi mailako ikerketa monografien zerrenda bereziki aberasten duela azpimarratu du, batez ere, "lau mende egin dituen lapurtera klasikoko lehenengo liburua delako, eta bildumaren ale honetan azaltzen den ikerketa lanak erakusten duelako uste baino garrantzitsuagoa izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere". "Arrazoi hauekin guztiekin batera, balio erantsia dauka gure argitalpen honek Euskaltzaindiarekin elkarlanean egindakoa delako", nabarmendu du.

Halaber, Arejitak gogoratu du lanaren lehen edizioaren alerik ez zela ezagutzen oraintsu arte, "harik etaDanimarkako Errege Bibliotekan aurkitu zen arte haren ale bat, katalogatua zena. Materra izenaz agertzen da egilea". "Arrakasta handia izan zuen Kontrarreforma garaian Iparraldeko partean: bost argitaraldi ezagutu zituen 1617 eta 1704 urte bitartean. Lehen argitalpenaren aurkikundea arrazoi paregabea bihurtu da, euskarazko testuaren azterketa zehatza eta garaiko giroaren hurbiltze-azterketa burutzeko", azaldu du.