DONOSTIA. Eusko Jaurlaritza baliabide berriak aurkeztu du ostegun honetan euskararen erabilera bultzatzeko. Guztira, 13 baliabide aurkeztu ditu: Elhuyar Hiztegiaren bertsio berria, hiztegi digital horren aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko, Hiztegibar plug-in eta "Hizketa ereduak" argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako. Horrela, besteak beste, Elhuyar Hiztegi digitalaren azken bertsioa aurkeztu dute. Donostiako Tabakalera zentroan egindako aurkezpenean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi du erreminta berriak baliagarriak izango direla euskararen erabilera arlo guztietan errazten jarraitzeko, batez ere lexikoaren eta terminologiaren ikuspegitik.

Baliabide guztiak hainbat erakunde, eragile eta aditurekin batera landu dira, eta aurkezpenean arlo askotako kideak egon dira. Dobaranekin batera, Maite Iruretagoiena HAEEko zuzendaria, Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Joseba Barrena Euskotreneko Hizkuntza Normalizazioa eta Genero Politika arduraduna, Mario Goffard BECeko Marketing eta Komunikazio arduraduna, Josu Aztiria Elhuyar Fundaziokoa kidea, Gontzal Lopez Osakidetzako Euskara Zerbitzuko kidea, Iñigo Mendiola Gipuzkoako Aldundiko Landa Garapena eta Turismo Saileko ordezkaria, Arantxa Bodego geologoa eta EHUko irakaslea eta Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea egon dira.

Euskara arlo guztietan erabilia izateak duen garrantzia nabarmendu du Dobaranek. "Hainbat baliabide berri dakartzagu eta hauen bitartez beste urrats txiki bat emango dugu euskararen erabilera gure eguneroko arlo guztietan normalizatzen jarraitzeko. Euskararen biziberritze prozesuak etengabe eskatzen digu pauso berriak ematea, eta eskatzen digu, baita ere, esparru guztietara ailegatzea. Erreminta hauen bidez errazagoa izango da", azaldu du.

Elhuyar hiztegi digitala 2000tik dago erabilgarri Eusko Jaurlaritzaren webgunean. Euskarazko bigarren webgunerik bisitatuena da, 2017an 8.887.226 bisita izan zituen, eta hiztegiari loturiko ikusitako orrialdeak 45.785.359 izan ziren. Orain, edukia berriz ere eguneratzeaz gain, datu basearen formatua eta interfazea aldatu egin dira, "hiztegiaren funtzionalitatea era nabarmenean hobetuz".

Webgunea berritzearekin batera, Elhuyar Hiztegiaren aplikazioa ere eraberritu da. Orain arte zeuden bi aplikaziok batu dira, bat doakoa eta bestea ordainpekoa, eta diseinu berria duen app modernoago bat erabil daiteke. Gainera, aplikazio berrian bilaketak konexiorik gabe egin daitezke.

HIZTEGI TERMINOLOGIKOAK

Halaber, Eusko Jaurlaritzak bederatzi hiztegi terminologiko berri aurkeztu ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) finantzatu dituzte hiztegiak, eta UZEI izan da egiteko arduraduna, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetutako kontratu baten bidez.

Behin hiztegiak amaituta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eratutako batzorde tekniko batek aztertu du hiztegi bakoitza. Batzorde teknikoetan hiztegiek jorratzen dituzten eremuetako bi edo hiru aditu egoten dira (horietako batzuk aurkezpenean egon dira), eta lana amaitutakoan hiztegiak Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordera eraman dira. Han, batzordekideek egindako oharrak aztertu eta horien gainean erabakiak hartu ostean, hiztegiak onartu egin dira.

Hortaz, Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen du hiztegi hauen terminologia, eta hauen bidez Euskalterm Terminologia Banku Publikoa elikatu da. Terminologia lanaren plangintza martxan jarri zenetik, 2002an, Eusko Jaurlaritzaren helburua izan da ahalik eta eremu gehienetako oinarrizko terminologia lantzea eta zabaltzea.

Harrezkeroztik, Terminologia Batzordeak 58 hiztegi terminologiko eta lan berezi bat onartu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu eta banatu ditu. Hiztegi guztiak Euskaltermen daude integratuta eta pdf formatuan eskura daitezke helbide honetan: www.euskadi.eus/hiztegiak-banku-terminologikoak-eta-entziklopediak/web 01-a2eutres/eu/.

Aurkeztu diren bederatzi hiztegi berriak honako hauek dira: "Traumatologia", "Hiesa", "Mendekotasuna", "Garraioa eta Logistika Hiztegia", "Azokak, Biltzarrak eta Jendaurreko Ikuskizunak Hiztegia", "Ehiza eta Arrantza Hiztegia", "Mineralak Hiztegia", "Sare sozialak" eta "Telefonia". Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Internet Explorer eta Chrome web nabigatzaileetarako Hiztegibar tresnaren plug-in aurkeztu du. Horri esker, nabigatzaileotan erabili ahal izango da euskararen gaineko hainbat baliabide batzen dituen tresna barra hau.

Gainera, "Hizketa-ereduak" argitalpena ere aplikazio bilakatu da Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Zerbitzu honek herritarrek beren egunerokoan erabil litzaketen hainbat elkarrizketa eredu jaso ditu, tresna baliagarri bat sortuz euskara era guztietako hizketaldietara eraman ahal izateko. Era intuitibo batez erabiltzaileak mesedegarri gerta dakizkiokeen proposamenak topatuko ditu, egoeren arabera antolatuta.