Síguenos en redes sociales:

Agur eta ohore, ‘Ondarru’!

Agur eta ohore, ‘Ondarru’!Baleuko

baiona. Gaur bere azken egoitzara eramango dute Jose Ramon Aranberria. Gudariaren hileta 18:30 egingo da Getariako elizan. Gipuzkoako herrian ezaguna zen gizonaren oroitzapenak Euskal Herri osora heldu ziren duela bi urte Iban Gonzalez zuzendariak egindako Gernika Batailoiari buruzko dokumentalari esker. Gudariak hainbat irratsaio eta emankizunetan parte hartu zuen azken aldian, besteak beste, ETB1eko Herri Txiki Infernu Handi saioan.

Aranberria Mutrikun jaio zen 1925ean baina bere familia Ondarroara joan zen laster eta hortik zetorkion Ondarru izengoitia. Matxote ezizenez ere ezagutzen zuten askok.

Eskolan zebilela gaztelania inposatu zioten kolpeka. “Regla handixarekin hatzamarretan jotzen ziguten”. Hogei urte inguru zituela Guardia Zibilak giro jasanezina sortu zuen Ondarroan. Kolpeak eta irainak pairatu zituzten euskaraz hitz egiteagatik. “No sabéis hablar en cristiano” oihuak entzutean amorrua sentitzen zuen Jose Ramon gazteak. Francoren diktaduraz nazkatuta zegoen.

Erbestea eta borroka Ondarroako hiru lagunekin txalupa hartu eta Donibane Lohizuneraino joan zen arraunean. Hiru urte gehiago zituen Joaquin anaiarekin elkartu zen gero Baionan. Gernika Batailoia, Eusko Jaurlaritzak sortu eta Kepa Ordoki komadanteak zuzentzen zuen taldean sartu ziren bi anaiak aliatuak laguntzeko Munduko Bigarren Gerra bukaeran oraindik Frantzian zeuden alemanak kanporatzeko. Pointe de Grave eskualdean sei egun iraun zuen borrokan lehen lerroan aritu zen Jose Ramon. “Alemanak ondo babestuta zeuden han, ez sinesteko moduko bunkerretan ezkutatzen ziren. Diziplina handiena alemanek zuten batzuk oso gazteak izan arren, 17 edo 18 urte inguru, bizarrik gabe oraindik. Minak zeuden edonon eta gure bi lagun horrela hil ziren, hauetako bat Anton Mugica. Maite nuen hura beti txistuka ari zelako”, zioen José Antonio Aguirre lehendakaria miresten zuen gudariak.

Ibilbidea Pointe de Grave askatu ondoren, Bordeleko kaleetan ikurriñarekin desfilatu zuen Jose Ramonek eta Paris aldean amerikarrek eskainitako trebakuntzan ere parte hartu zuen Ertzaintza sortzeko. Hitlerren erortzeak Francorena ekarriko zuela uste zuten euskaldunek baina azkenean aliatuek ez zuten ezer egin Gerra Hotzaren hasieran komunistak etsaiak bilakatu zirelakoan. Gernika Batailoia osoki desmobilizatu zutelarik, Aranberria Nafarroa Beheran egon zen Franco noiz eroriko zai Gipuzkoara itzultzeko baina erbestean zeuden euskaldun guztiek bezala itxaronaldi luzea pairatu zuen.

Parisko Euskal Etxean Agurtzane emaztea ezagutu eta bi seme eduki zituzten: Ander eta Iñaki. Euskadi eta Frantzian askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zen gudariak atsegin handiz aipatzen zituen beti oroitzapenak, hain bereak zeuzkan lasaitasun eta umiltasunarekin.

Goian bego.