Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja aktibatu du kostan izandako olatu arriskutsuak direla eta. Horrenbestez, Donostiako Babes Zibilak hainbat segurtasun neurri hartuko ditu, osegunera arte, alerta bukatzen den egunera arte. Horrela, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, asteartean Paseo Berria ibilgailuentzat itxi zen olatuak zirela-eta abisu horia baitzegoen, eta asteazken honetan itxita jarraituko du ibilgailuentzat 15:00ak arte. Ordu horretan, abisu horia alerta laranja izatera pasako da eta, ondorioz, Paseo Berria itxiko da ibilgailuentzat eta oinezkoentzat Argazkigintza Elkartetik aurrera.

Halaber, kostako lehen lerroan dauden Leizaola pasealekua (Zurriolako kai muturra) eta Haizearen Orrazia (Eduardo Chillida pasealekua) ibilgailuentzako zein pertsonentzako itxi dira. Itxierak ostegun eguerdia arte iraungo du; orduan, alerta laranja abisu horia izatera pasako da.

Gainera, Babes Zibilak jakinarazi duenez, Salamanca pasealekuan -Soraluze eta San Juan kaleen artean- eta Aldamar kalearen hasieran aparkatuta dauden autoak kenduko dira eta edukiontziak lekuz aldatuko dira.

Suhiltzaileak bertan egongo dira alertak irauten duen bitartean. Olatuek Zurriolako zubian salto handiak emango balituzte, itsasotik gertuen dagoen zubiaren aldea itxi egingo litzateke oinezkoentzat zein bizikletentzat.

Era berean, Babes Zibilak hiritarrei eskatu die arretaz ibiltzeko, olatuak dauden lekuetara ez sartzeko eta behin behinean jarriko diren seinaleak errespetatzeko, haien helburua baita pertsonak zein pertsonen ondareak babestea.

Meteorologia iragarpenak dio asteazkeneko 16:00tik 20:00etara olatuek kostaren aurka joko dutela. Olatuen altuera adierazgarria 4,5 metrokoa izango da eta olatuak 19 segundoan behin helduko direla.

Itsasgora 17:40an izango da, 4,53 metroko altuerarekin. Gainera, asteazkenetik ostegunerako gauean, 04:00etatik 08:00etara, olatuek kostaren aurka joko dute berriro.

Ordu horietan olatuen altuera adierazgarria 5 metrokoa izango da eta 17 segundoan behin iritsiko dira. Itsasgora 05:59an izango da, 4,78 metroko altuerarekin.