Síguenos en redes sociales:

Kontseiluak hizkuntza politika "eraginkorra" eskatu dio Osakidetzari

Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusiak Osakidetzari eskatu dio hizkuntza politika "eraginkorra" martxan jartzeko, euskarak gaur egun bizi duen "urraketa egoera ez betikotzeko".

Kontseiluak hizkuntza politika "eraginkorra" eskatu dio OsakidetzariArchivo

DONOSTIA. Horrela, 2013. eta 2019. urteetarako egindako normalizazio planak bere ibilbidearen erdia egin duela eta, Kontseiluak planaren betetze mailaren ebaluazioa egin du. "Txostenean islatzen den bezala. Osakidetza urrun dago plana betetzetik", adierazi du Bilbaok.

Horretarako Kontseiluak bigarren planaren balorazioan hainbat eremu jorratu ditu, besteak beste, jardun eremuen balorazioa eta euskararen erabilera normalizatzeko neurrien balorazioa. "Eremukako balorazioek erakusten dute neurriak ez direla behar bezala betetzen, irudian eta komunikazioan, kanpo zein barne harremanetan, hizkuntza kudeaketan, hizkuntza eskakizunetan, kontratazio politikan eta abar. Horrek agerian uzten du erritmoa bizkortu behar dela eta neurri traktoreak hartu behar direla", azaldu du.

Osakidetzan abian dagoen hizkuntza politika ez dela eraginkorra izaten ari esan du Bilbao. Horrela, Osakidetza euskara planekin hasi zenetik hamarkada bat baino gehiago igaro dela eta hori "denbora askotxo" dela "ematen ari diren emaitzak zeintzuk diren ikusita". Gainera, euskara planak bere horretan ez direla helburu, "tresna baizik", eta eraginkorrak izan daitezen burura eraman behar direla ziurtatu du, "egoera betikotu ez dadin". "Hizkuntza baten normalizazio prozesua ezin da betikotu", gaineratu du.

Modu honetan, Kontseiluak zenbait neurri zuzentzaile proposatu ditu planaren ebaluazio osoa egiten denean beste emaitza batzuk lortu ahal izateko. "Lehentasunez kanpo harremanetan hizkuntza kudeaketa egokia egitea, eta horretarako euskarazko zirkuituak ziurtatzea; zerbitzuen kontratazio edo esleipenetan hizkuntza irizpideak jartzea, langileen euskalduntzea azkartzea, kontratazio politika aldatzea dira, besteak beste, proposatu ditugun neurri zuzentzaileak", azaldu du.